Josu Mendicute izango da EAJren alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan
Josu Mendicute Rodríguez (Eibar, 1987) izango da EAJ-PNVren zerrendaburua maiatzeko udal hauteskundeetan, "Eibarko alkatetza berreskuratzea xede. Mendicute 2015ean sartu zen Eibarko Udalean, laugarren postuan, eta hilabete batzuk geroago bozeramaile izendatu zuten. 2019ko hauteskundeetan aurkeztu zen lehen aldiz alkategai gisa. Bertan, buru zen hautagaitzak boto-emaileen kopurua % 30 handitzea lortu zuen, seigarren zinegotzia lortuz eta EAJ-PNVren proiektua sendotuz, aldaketa bultzatzeko alternatiba gisa", azaldu dute Eibarko jeltzaleek.
Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna eta bigarren hezkuntzan euskara-eskolak emateko irakasle gaitua, 20 urterekin hasi zen lanean, ikasten ari zela. Komunikazio digitalaren sektorean lan egin du, eta, ondoren, Eusko Legebiltzarrean, 2019ko azaroan buru-belarri Udalean aritzeko Gasteizko ganbera utzi zuen arte.
Bi agintaldiotan hainbat aholku- eta lan-batzordetan aritu da, hala nola, kultura, hirigintza, obrak, zerbitzuak, euskara, ogasuna, Ego Ibarra edo gai instituzionalak. “Hautagai gaztea izanik, 35 urterekin udal- eta erakunde-jardueraren ezagutza zabala du. Udala gidatzeko eta gainerako erakundeekin batera lan egiteko gai da”, adierazi dute EAJk.
Josu Mendicute ezaguna da herrian, hainbat eta hainbat jarduera sozial eta kulturaletan parte hartzeagatik. "Saxofoia jotzen du Cielito Musika Bandan eta Ustekabe txarangan. Azken horrekin, iaz, Eibarko Kantak diskoa argitaratu zuen. Urkizuko Auzokoak batzordearen koordinatzailea da, eta …eta kitto! Euskara Elkartearen Zuzendaritza Batzordeko kide izan da, besteak beste. Gazte-gaztetatik hirian antolatzen diren era guztietako jardueretan inplikatuta, hiriko bizitza sozialarekin duen lotura benetakoa da. %100 eibartarra dela. Euskara eta ingeles maila altua eta frantseseko oinarrizko ezagutzak ditu". diote jeltzaleek.