Judith Argomanizek zuzendutako Lasala konpainiak SHINE dantza-ikuskizuna eskainiko du barixakuan Coliseon

SHINE hizkuntza anitzeko esplorazio bat da, “askatasuna” dei diezaiokegun horren mugetan barrena
Judith Argomanizek zuzendutako Lasala konpainiak SHINE dantza-ikuskizuna eskainiko du barixakuan Coliseon
2024/09/18 09:43
eta kitto!

Judith Argomaniz koreografo eta dantzariak zuzentzen duen Lasala konpainia EIbarren izango da barixaku honetan, hilak 20, SHINE ikuskizunarekin. 20:00etan hasiko da, 50 minutuko iraupena izango du, eta sarrerak 10 euro balio du (7 euro Coliseoren lagunentzako).

Judith Argomanizen esanetan, "SHINE hizkuntza anitzeko esplorazio bat da, “askatasuna” dei diezaiokegun horren mugetan barrena. Dantzaren kodeetan oinarritutako esperientzia bat, spoken-word, soinu eta eszenaratze baten distiran, non zazpi dantzariren gorputzek gizarte-linbo honen distirak eta lilurak islatzen dituzten, non gure nortasuna definitzen saiatzen garen".

"Zertan sinetsi, gure XXI. mendeko hutsunea baretzen saiatzeko? Autoesklabotzaren ereduaren bitartez, SHINEk gorputzaren objektualizazioa, hedonismoarekiko adikzioa, epelaburtasuna eta ihesbidearen bilaketa etengabea lantzen ditu. Erritu etsia, galdutako fedearen bila. Nola egin dezakegu distira, jada gure buruarengan sinesten ez badugu?".

Zuzendaritza: Judith Argomaniz.

Dramaturgia: Fernando Epelde, Judith Argomaniz, Puy Barral.

Dantzariak: Garazi Etxaburu, Leire Otamendi, Jone Amezaga, Seth Buckley, Ioar Labat, Puy Barral, Ángela Arrieta, Mikel Casal.