Jujuba, Honoka, Zaïra, Noko eta Puyik ez dute Eibar KE-n jarraituko

Taldeak eskerrak eman dizkie “kolore armaginak profesionaltasunez defendatzeagatik”
Jujuba, Honoka, Zaïra, Noko eta Puyik ez dute Eibar KE-n jarraituko
2024/06/17 17:45
eta kitto!

Zapatuan Granadaren aurka 0-2 galdu ondoren, Eibar KE-k 10. postuan amaitu du denboraldia F Ligan, 31 punturekin. Orain, oporrez gozatzeko aukera izango dute jokalariek eta teknikariek, baina Ipuruako bulegoetan hasi dira 2024/25 denboraldia prestatzen.

Gaur goizean Eibar KE-k jakinarazi duenez, Jujuba Cardozo, Honoka Yonei, Zaira Flores, Ane Perez ‘Puyi’ eta Noko Matlou jokalariek ez dute taldean jarraituko. “Eskerrik asko kolore armaginak profesionaltasunez defendatzeagatik”, adierazi du taldeak.

 

Taldean izandako ibilbidea

Honokak sei denboraldiz jokatu du Eibarren. 18 urterekin iritsi zen Japoniatik eta ehun partida ofizialetan baino gehiagotan zelairatu da.

Puyi, bere aldetik, 2019an iritsi zen taldera. Horrela, biak ala biak zeuden Eibarren 2020an eta 2023an, hau da, armaginek maila gorenerako igoerak lortu zituztenean.

Jujuba 2020an fitxatu zuen Eibarrek, eta 2021-22 denboraldian Santa Teresan aritu zen, lagata, baina 2022an berriro bueltatu zen Euskal Herrira. Brasildarra, kapitaina denboraldi honetan, 2023-2024an titular izan da partida gehienetan eta denboraldi borobila egin du defentsa lanetan.

2020an ere heldu zen Noko, Hego Afrikako selekzioko jokalari historikoa, eta 88 partida jokatu ditu ordutik.

2022-23 denboraldian, fitxaketak egiteko neguko epean, Zaïra iritsi zen klubera. Flores kapitaina izan da aurten Jujuba, Campos eta Arenerekin batera.