JULEN, musikaria: “Ermuko kontzertua mugarria izango da”
Leturiondok orain dela hiru urte eman zion hasiera ‘Julen’ proiektuari. Irudia, diseinua, musika eta beste adierazpen artistiko batzuk batzen dira bertan eta ‘Bihotzera giltza’ lanean loratuko da guztiz.
Zer aurreratu dezakezu ‘Bihotzera giltza’ lanari buruz?
Lau kanta bakarrik izango dituen EP-a izango da, baina gauza berezi asko sortu ditugu horren inguruan. Musika modu digitalean bakarrik aurkitu ahal izango da eta fisikoan beste formatu baten aurkeztuko dugu, gehiago gozatzeko eta ulertzeko.
Zein formatutan?
Liburutxo bat izango da, nahiko paper arraroarekin. 40 orri inguru izango ditu eta ‘Julen’ proiektua zer den laburbiltzen da bertan. Batzuetan azaldu izan dugu, baina zuzenekoetan ez bazaraizan, zaila da antzematea. Liburuan gure ibilbidea kontatuko dugu, kantuei irudia emango diegu eta sortu dugun mundu hau zer den azalduko dugu.
Zuretzat musika da bihotzean sartzeko giltza?
Izan daiteke. Diskoan lau abesti ditugunez, kantu bakoitzak forma, espazio eta testuinguru jakin bat hartu du. Bihotza gorputzaren funtsezko organoa denez, eta proiektu honen funtsa bihotza denez, kantuak bertara heltzeko bideak edo giltzak bezala identifikatu ditugu. Izenburua ‘Eskean Kristo’ taldearen ‘Deabrua’ abestitik hartuta dago. “Hartu nire bihotzera giltza” dio abestiak, eta hortik abiatu gara.
Musikaren munduan bizitza osoa egin eta gero, zer da zuretzat diskoa kaleratzea?
‘Julen’ proiektuaren mugarria da. Oso modu naturalean sortu da. Hau da, bideak horretara eraman nau. Azken urte honetan zuzenekoak eskaintzen egon gara batez ere, baina gorputzak eduki gehiago sortzea eskatzen zigun. Izan ere, orain arte bi kantu besterik ez ditut kaleratu eta horrekin oso zaila zen jarraitzea eta jendeak proiektua ulertzea. Diskoa baino, mugarria Ermuan eskainiko dudan zuzenekoa izango dela esango nuke. Eraul taldeko Asier Beramendirekin kontzertu guztietan jotzen dudan Eraulen abesti bat joko dugu, Euskal Herriko ahots berezienetako bat duen Esanezin taldeko Ianire Aranzabe izango dugu, baita azken urtean askotan ikusi dugun Mugan taldeko Pablo Zurutuza ere, eta Idoia Azurmendirekin oso abesti berezia prestatu dugu. Gainera, argi teknikari jakin batekin, eszenografia batekin eta abarrekin joko dudan lehen aldia izango da. Dena oso neurtuta egongo da eta horrek pixka bat beldurtzen nau, baina horrelako zuzeneko bat eskaintzeko helburua nuen.
Hiru urte daramatzazu ‘Julen’ proiektuarekin. Nolakoa izan da bidea?
‘Julen’ ez zen hasi musika proiektu soil bat bezala. Kontzertu bat eskaintzeko aukera iritsi zitzaidan eta, abestiak eginda nituenez, aurrera egin nuen. Orduan, banda nola osatu begiratzen hasi nintzen, irudia zaintzen, eta abar. Agian beste talde batzuek hasieratik dute argi zein forma edukiko eta zer egingo duten, baina guk pixkanaka sortu dugu. Gero Kutxa Kultur beka jaso nuen eta gehiago egin nuen aurrera. Hori bai, neure burua horrela sentitu dut beti: “Zer egiten dut nik hemen? Zein da nire helburua musikaren munduan?”. Asko kostatu zait neure burua musikari bezala ikustea. Izan ere, batetik bideoklip baten premierre-a egin dezaket areto baten, bestetik zuzeneko bat eskaintzen dut diskoa atera baino lehen... Gauzak aldrebes egiten ditudala dirudi eta jendeari arraroa iruditu ahal zaio, baina ibilbidea horrela izan da eta horretan sinesten dut.
Zenbat lagun zabiltzate ‘Julen’ proiektuan?
Bost musikari finko gaude (Sara Alonso, teklatua; Eñaut Armentia, baxua; Josu Cascan, bateria; Asier Cascan. gitarra; eta ni neu, ahotsa eta pianoa), Aitzol Hidalgo da soinu-teknikaria, eta argazkilaria eta diseinatzailea Maitane Campos. Gero, gonbidatuez gain, kontzertu honetarako jende gehiago batu da: liburuxkaren eta kartelaren diseinuan Mikel Tristan, argi-teknikariaren izena oraindik ezin dut esan, gonbidatuak izango ditugu, Lorea Diaz arkitektoak eszenografia landuko du, Natalia beti dut lagun manager lanak egiten... Talde handia sortu dugu eta nahiko zoroa da guztia koadratzea, baina ‘Julen’-ek horrela hartu du gaur egun duen handitasuna. Profesional handiak dira eta laguntasunetik sortu den zerbait da.