Junior mailako Udaberri Sariaren 46. edizioa jokatuko da domeka goizean
Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako junior mailako Udaberri Sariak 46. edizioa biziko du etzi, ondo bidean. Iaz zen jokatzekoa edizio hori, baina orduan izandako arazoek (lotura-motorren eta Eusko Jaurlaritzaren artekoak, lasterketaren segurtasuna tarteko) proba bertan behera lagatzera behartu zituzten antolatzaileak. Probintzia mailako proban parte hartuko duten juniorrak, T. Etxebarrian bildu eta gero, 09:45ean abiatuko dira Calbeton kaletik, irteera neutralizatuan.
Parte-hartzaileek 78 kilometroko ibilbideari egingo diote aurre, lehenengo Bergarara joan eta, han buelta emanda, Maltzagaraino itzultzeko. Hortik Deba, Mutriku, Ondarroa eta Etxebarriatik pasa ondoren, 3. mailako San Miguel gaina gaindituko dute, jarraian Elgoibarrera jaitsi eta, zuzenean, Eibarko helmugaren bila jotzeko. Meta T. Etxebarria kalean egongo da; bertara 11:40ren bueltan heltzea espero dute antolatzaileek.