Jurgen Landa, Ainhoa Arroitajauregi eta Julen Leturiondo eibartarrak Gaztearen Maketa Lehiaketan (bozketa)

Jurgen Landa, Ainhoa Arroitajauregi eta Julen Leturiondo eibartarrak Gaztearen Maketa Lehiaketan (bozketa)
2021/10/27 19:56
eta kitto!
Izena emateko epea bukatuta, bozketa fasea jarri dute martxan Gaztearen Maketa Lehiaketa, urriaren 27tik azaroaren 4ra. Jarraian, azaroaren 25eko final handian jakingo ditugu irabazleen izenak, Bilboko Kafe Antzokian. Aurtengo edizioan hiru musikari eibartar daude: Julen Leturiondo (Julen), Ainhoa Arroitajauregi (Debajo del Paraguas) eta Jûrgen Landa (Jür). Euren aldeko botoak Maketa Lehiaketaren webgune berezian eman daitezke.

 

Sariak
Ohiko saririk ez da faltako aurten ere. Batetik, Epaimahaiaren Saria (5.000 euro eta Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera) izango da, eta, bestetik, Entzuleen Saria (2.500 euro dirutan). Gainera, aurten sari berezia izango da: Harrobia Saria. Irabazleak Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera izango du.

Urtemuga berezia ospatzeko (30. edizioa da aurtengoa), EH Sukarraren (lehen Maketa Lehiaketa irabazi zuen taldea) "EH Sukarra" abestiaren bideoklipa grabatu dute Nøgen taldeko musikariek, Gazteako hainbat aurpegi ezagunekin.