‘K-BITAMINA – Eibarrek behar duen bitamina’ kanpaina aurkeztu dute tokiko merkataritzari ikusgarritasuna emateko

‘K-BITAMINA – Eibarrek behar duen bitamina’ kanpaina aurkeztu dute tokiko merkataritzari ikusgarritasuna emateko
2025/12/12 15:45
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesarekin, 'K-BITAMINA – Eibarrek behar duen bitamina' izeneko bideopodkast-kanpaina jarri du abian, herriko merkatariei eta haien eguneroko lana omentzeko asmoz. Ekimena gaur, abenduak 12, aurkeztu da Errebalen egindako ekitaldi batean, tokiko merkatariak zein Udaleko ordezkariak bertan zirela. Bideopodkastak urtarrilaren 7tik aurrera argitaratuko dira, asteazkenero. 

Kanpainaren bitartez herriko saltokiek duten rola balioan jarri eta merkataritza jarduera hau produktuen eta zerbitzuen salmentatik harago doala nabarmendu nahi dute. Hain zuzen ere, tokiko merkataritzari esker enplegua sortzen da, ekintzailetza bultzatzen da, aberastasuna banatzen da eta herriko kaleei giroa ematen diete. 

Bideopodkastaren lehen ataletan Eibarko merkataritza-sektorearen ordezkaritza zabala izango da: larruzko osagarrien saltokiak (Hartara), optikak (Igmar), ostalaritza (Sheiko), harategiak (Otegui), ehun-moda dendak (Irritsa eta Guby), mertzeriak (Txukuna), eskulan-dendak (Moapics), liburu-dendak (Yraolagoitia) eta Errebal plazako postuak (Sosola), besteak beste.