Kaiolaren barruko partiduak jokatuko dira Astelenan barixakuan eta domekan
Eibarko Klub Deportiboko pilota batzordeak, ohiko bidetik, hainbat partidurekin gozatzeko aukera eskainiko digu asteburu honetan ere. Horrela, barixaku arratsaldeko jaialdiarekin batera, domeka goizean ere izango da beste bat, kasu bietan Gipuzkoako lau eta erdiaren barruko txapelketari dagozkionak. Barixakuko jaialdia 17:45ean hasiko da eta lau partidu hartuko ditu guztira. Hasteko, Pilota Eskolako lagunarteko bi izango dira, binaka jokatu beharrekoak: Gari Olaetxea eta Aratz Andonegi vs Oier Abantzabalegi eta Luka Conde, alde batetik, eta Saioa Oñederra eta Manex Kerejeta vs Telmo Agote eta Urko Iso, bestetik. Jarraian, 19:00etatik aurrera, kaiolaren barruko txapelketakoak izango dira jokoan: Ibarra eibartarrak Villabonako Otaegi izango du aurkari, eta herriko Azkargortak Oiartzungo Mitxelena.
Domekako jaialdia goizean jokatuko da, 10:30etik aurrera, eta horko partiduetan Azpilikuetak Oñatiko Rodriguez izango du aurrez aurre, eta Iraolagoitiak Zestoako Alonso.