Kalamua Judo taldeko kadeteek bigarren fasetik pasa ezinda jarraitzen dute
Espainiako Superkopan aritu ziren Kalamua Judo taldeko kadeteak abenduaren 6an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kirol Instalazioetan, eta aurpegia eman arren, ezin izan zuten bigarren fasetik pasatu. “Gogoratu behar da June Valladaresentzat lehen aldia zela emakumeen 63 kilo azpiko kategorian, eta lehen lehia irabazi eta bigarrena galdu zuen Julen Martinezentzat ere lehen urtea dela bere kategorian. Aner Gonzalezek ere debuta egin du, baina oraingoan ezin izan du parte hartu, baja izan delako”, esan digute Kalamuakoek.
Doha Shrir-ek, emakumezkoen -70 kategorian, bere lehen borrokaldia irabaziz hasi zuen txapelketa, ippon sendo batekin, baina bigarren txandan galdu egin zuen eta ez zuen errepeskarik izan.
Kalamuakoek diotenez, “azpimarratzeko da denok eman dugun aurrerapausoa errendimenduari dagokionez, nahiz eta emaitzak hobetzeko entrenatzen eta denboraldi hasieran hasitako aurrerapen ildoari eusten jarraitu beharko dugun”.
Hurrengo geldialdia Erandioko Txapelketa izango da, zapatu honetan, abenduaren 13an, klubeko gainerako kadeteek ere parte hartuko dute, “behar den maila ez dutenez ezin baitute oraindik Espainiako Kopetan parte hartu”, klubetik diotenez.