Kaldereroen kantu eta dantzek ederki girotu dute Barixaku Erregularra
Urtero lez, gaurko protagonistak Hungariatik ailegatu diren Kaldereroak izan dira, beraien kantu eta dantzekin. Urkizutik abiatu dira kalejiran, Untzagaraino. Aurretik, baina, Jon Alonso musiko eta abeslariak pregoia bota du Eibarko Klub Deportiboaren leihotik, horrela Aratosteei hasiera ofiziala emanez.
Bihar kuadrillen kalejira
Biharko jai-egitaraua, bestetik, eguerdian hasiko da: 12:30etik aurrera kaleak rock musikarekin girotzen hasiko dira, eta ordu horretan abiatuko da eguneko ekitaldi nagusia, hau da, Udalak antolatutako kuadrillen kalejira-lehiaketa. Parte-hartzaileak Untzagatik irten eta Calbeton, Bidebarrieta, Zuloagatarren eta Toribio Etxebarria kaleak zeharkatuko dituzte, Ustekabe eta Sin Juicio fanfarreek lagunduta. Eta bazkalostean itzuliko da jaia: puzgarriak Errebalen (16:30), haurrentzat berbena Mugi Panderoa taldearekin (19:00), animazio musikala Latuna Bando txarangarekin (19:30), lehiaketetako sariak banatzea, eta Mugi Panderoak girotutako dantzaldia, 23:30etik aurrera Untzagan.