Kalean da 2024. urteko azken Txikitto! hilabetekaria

Neguko oporrei buruz egin digute berba Urkizu eskolako ikasleek
2024/12/26 10:17
eta kitto!

Aurreko astean banatu zen TXIKITTO aldizkariaren 228. alea, abenduko alea (hemen daukazu PDF formatoan).

Dagoeneko bi hilabete baino gehiago pasa dira udako oporretatik itzuli garenetik eta beste opor sasoi batean gaude. Urkizu eskolako Mahdi Lamoun, Hector Hernandez, Ghita El Meskini eta Arwa Arahmane jaiegunez gozatzeko hainbat plan dituzte. Urkizuko laukoteak ez ditu Gabonak ospatzen, baina negua gustoko dute, batez ere elur artean ibiltzea. Izan ere, hotzarekin ondo moldatzen dira, eta berotzeko zer hobeto txokolate beroa hartzea baino?

"GURE NAGUSIEKIN BERBETAN” Amanda eta Alan amama-iloba elkartu ditugu oraingoan, Amaña herri-eskolan, bertan ikasten baitu Alanek, LHko 6. mailan. Venezuelan jaiotakoak dira baina badira hainbat urte Eibarren bizi direla. Solasaldi polita izan dute, Gabonak eta beste kontutxo batzuen inguruan. DIDA BATEAN ataleane eurekin egindako bideo motza ere gure TIKTOK kanalean ikus dezakezue.

Hori guztiaz gain, ikastetxeetako berriak, horoskopoa, Gabonetako egitaraua, ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.

Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. ...eta kitto! Euskara Elkarteak sustatuta, Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria. Egitasmoa partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago. ALDIZKARIAK DESKARGATZEKO  BIDEOAK IKUSTEKO