Kaleetan Kantuz baita Galizian ere
Eibarko Kaleetan Kantuz abesbatzako 32 lagun Galizian izan dira asteburuan. Barixaku goizaldean abiatu ziren Eibartik, eta hainbat geldialdi egin ondoren, goizeko 09:00ak aldera iritsi ziren A Guardara.
Atseden hartu, herrian paseo bat eman eta bazkaldu ostean, arratsaldean kantuan aritu ziren. Emanaldian A Guardako alkatea eta Kultura zinegotzia ere izan ziren, taldearekin argazkia ateratzeko.
Zapatu goiza turismoa egiteko baliatu zuten, Baiona (Galizia) bisitatuz. Bazkaldu ondoren, Tui ezagutu zuten, eta, ondoren, autobusez Portugalgo Valença do Minho herrira joan ziren.
Domeka goizean abiatu ziren Eibarrera itzultzeko. Bidean Sanabrian bazkaldu, eta gaueko 22:00ak aldera heldu ziren etxera.
Kaleetan Kantuz taldeko kideek oso balorazio positiboa egin dute asteburuaz, bidaia ederra izan dela eta dena aurreikusitako moduan joan dela nabarmenduz. Era berean, antolatzaileei eskerrak eman dizkiete egindako lanagatik.