Kanpoko igerilekuetarako tarifa berriak zehaztu dituzte
Norbanakoentzat, familientzat, jubilatuentzat eta langabetuentzat prezioak ezarri dituzte
2025/05/21
12:30
eta kitto!
Udalak kanpoko igerilekuetako abonuen tarifak zehaztu ditu udarako. Herriko kolektibo guztientzat aisialdi irisgarri eta inklusiboa bermatzea du helburu eta, horretarako, aurten berritasunak aurkeztu dituzte hobariei eta errealitate sozial ezberdinen egokitzapenei dagokienez.
- Banakako abonuaren prezioa 55 eurokoa izango da 18 urtetik gorakoentzat eta 35 eurokoa adin txikikoentzat.
- Abonu familiarra, 21 urte arteko seme-alabak dituzten unitate familiarrei bideratua, 90 eurokoa izango da; eta gurasobakarreko familientzakoa 80 eurokoa.
- Eta jubilatuentzat bi modalitate ezarri dira: banakakoa, 35 eurokoa eta familiarra, 55 eurokoa.
- Horrez gain, tarifa murriztuak aurreikusten dira langabezian daudenentzat eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen dutenentzat. Kasu horietan, abonu familiarra 52 eurokoa izango da eta banakakoa 35 eurokoa. Unibertsitateko eta Lanbide Heziketako zikloetako ikasleak ere sartzen dira hobarien multzo horretan, eta 35 euroko abonua izango dute.
Baldintzak
Jubilatuentzako eta langabeentzako abonu familiarretan, ulertzen da bi ezkontideek bete behar dutela baldintza hori. Hala ere, bikoteko kideetako bat erretiratuta badago eta bestea langabezian, azken horrek jubilatuaren abonu familiarra jaso ahal izango du, baina ordainketa orokorrei dagokienez soilik, eta ez jarduera espezifikoen tarifei dagokienez. Kasu horretan, langabezian egoteko baldintza urtero berrikusiko da.