Kepa Altube eta Joxe Mari Ulazia: "Enpresa eta Lanbide Heziketa euskalduntzeko bilgunea da HIZKELAN”

Kepa Altube eta Joxe Mari Ulazia: "Enpresa eta Lanbide Heziketa euskalduntzeko bilgunea da HIZKELAN”
2017/10/27 08:01
eta kitto!
Lanbide Heziketa eta lan mundua euskalduntzeko egiten diren lanak erakusteko eta esperientziak konpartitzeko bilgunea da Hizkelan.
Elgoibarko IMHk aurreko hamarkadan antolatutako “30+10” mintegiari erreleboa hartu zion Laneki elkarteak iaz, eta HIZKELAN jardunaldia antolatu zuen lehenengoz IMHn. Laneki-ren asmoa Hizkelan mintegia urtero leku desberdin batean antolatzea da, eta aurten Armeria Eskolan egingo da, azaroaren 8an. Guztia antolatzeko Armeria eskolan urte askotan jardun duen Joxe Mari Ulaziaren laguntza izan du Laneki-ko Kepa Altubek.

– Zein helbururekin antolatzen da HIZKELAN?
Joxe Mari Ulazia: Lanbide Heziketako ikastetxe eta enpresa askok euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute eta beste asko hartzeko asmotan dabiltza. Jardunaldi honekin, lan horren inguruan, Lanbide Heziketan, elkarte eta enpresetan egiten ari diren lanak ezagutarazi nahi dira. Esperientzietan oinarrituko da  jardunaldia. Izen ematea zabalik dago eta jakinbai.eus webgunean egin daiteke.
– Norentzat izan daiteke aproposa edo baliogarria?
Kepa Altube: Alde batetik Lanbide Hezkuntzan lan egiten duten profesionak etorriko dira. Horren harira, azpimarratu nahiko nuke euskara bultzatzeko edo sustatzeko gero eta interes handiagoa duten irakasleak daudela. Bestalde, euskaraz lan egin nahi duten edo lan egiten ari diren enpresentzako bilgune garrantzitsua da, esperientziak partekatu egingo direlako. Gainera, normalkuntzan, itzulpengitzan... lan egiten duten euskara eragile eta teknikariak daude; eta erakundeak ere garrantzitsuak dira... Denok batera ahalegin berberera bagoaz etekina handiagoa izango da, eta azken inkesta soziologikoek diotenez ezin gara erlaxatu.
– Iaz Elgoibarko IMHn egin zen Jardunaldia eta aurten Eibarrera ekartzea erabaki duzue.
K. Altube: Urteetan egin da IMHn “30+10” jardunaldia edo mintegia “hizkuntzaren kudeaketa enpresan” gaiari buruz. Iaz bukatu zen etapa hori eta Hizkelan 2016 antolatu zen IMHn. Aurten, Laneki-ko lan-taldekoek Armeria eskolako zuendaritza, normalizazio-taldea eta Joxe Mari Ulaziarekin elkarlean antolatu dugu Eibarko hau. Armeriakoak guztiz murgildu dira proiektuan. Esan beharra dago atzean dauden pertsonek bultzatuta egiten dugula lan hau, eta horiek dira euskaraz lan egin nahi duten lanbide heziketako ikastetxeak, irakasleak eta enpresetako langileak.
– Laneki eta erakundeetako ordezkariez gain, LHko ikastetxeetako eta Elay eta Kabia bezalako enpresetako ordezkariak ere izango dira...
J.M. Ulazia: Industria enpresa baten ikuspegia (Antzuolako Elay) eta zerbitzua eskaintzen duen beste batena (Kabia) izango ditugu. Armeria eskolako eta Donostiako Easo Politeknikoko arduradunek euren esperientziak azalduko dituzte. Bestalde, SD Eibar Fundazioko ordezkari bat ere izango da: euskararen plan estrategikoa daukate eta euren errealitate horretan zer egin nahi duten azalduko digute. Zinemagintza mundua ere ekarriko dugu, “Loreak” eta “Handia”ko Joxe Mari Goenaga izango dugu gurekin, eta bere lantaldean zinegintza eta euskara nola ulertzen duten azalduko digu. Guztiekin mahai-ingurua egingo da eta, ondoren, jardunaldiaren laburpena egingo digu Mikel Laskurain aktoreak. Amaitzeko, erreferentzia markatu duen Elay enpresari eskertza azalduko diogu eta enpresa horretako sortzaileetako bati –Jose Luis Elkorori, hain zuzen ere–, omenaldia egingo diogu arlo horretan eta beste hainbatetan egindako lan itzelagatik.
– Lanbide Heziketako irakasle eta zuzendari moduan ibilbide luzea egin ondoren, Laneki elkartearen gestioaz arduratzeko izendatu zintuen Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketa Sailburuordetzak. Zein da Lanekiren zeregina?
K. Altube: Laneki elkartea Lanbide Heziketan ikas-materiala euskaratzeaz eta euskararen sustatzeaz arduratzen da. Webgune baten bidez lan egiten dugu (jakinbai.eus), eta helburu nagusia Lanbide Heziketako irakasleak eruskarazko edukiekin hornitzea da. Egin dugun azken lana Lanenpres gida da (Hizkelanekin lotuta dago). Lantokiko Prestakuntza eta Dualeko enpresa-egonaldia euskaraz egiteko gida da.  Gero eta sentsibilitate handiagoa dago enpresaren aldetik;  bezeroei zerbitzua euskaraz ematearen garrantzia ikusten dute. Eta, bestalde, euskaraz ikasten duten ikasleek lan munduan ere euskaraz jardun nahi dute.