Kilometroak jaia Elgoibarren egingo dute urriaren 5ean

Elgoibarko kaleak kolorez, musikaz eta elkartasunez beteko dira ikastolen aldeko jaian.
Kilometroak jaia Elgoibarren egingo dute urriaren 5ean
2025/09/24 11:00
eta kitto!

Elgoibar izango da aurten Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak jaiaren plaza nagusia, eta antolatzaileek jada aurkeztu dute urriaren 5ean egingo den ospakizunerako egitaraua. “Bete-betea” izango dela iragarri dute: hiru gune nagusi eta azpigune bat prestatuko dituzte herrian zehar, adin guztietako parte hartzaileentzako ekintzez hornituta.

Egunean zehar, musikak eta giroak izango dute protagonismoa. Txarangak, kontzertuak eta herri bazkaria egingo dira, baita haur eta gazteentzako jarduerak ere: puzgarriak, tailerrak eta Erronka izeneko jolas-lehiaketa. Jaialdiak, beraz, euskaraz bizitzeko eta herritar guztien arteko topagune bilakatzeko aukera eskainiko du.

Egun horretan omenaldi bereziak egingo dituzte. Maritxu Loiola gogoratuko dute, Elgoibarko Aubixa baserrian urte luzez lan egin duen eta oraindik ere lanean jarraitzen duen emakumea; eta baita Aspanogi elkartea ere, minbiziaren aurka borrokatzen diren haur eta gazteen familien alde egiten duen lana aitortuz. Jaiaren aurkezpen egunean azaldu zutenez, “bizitza osoa euskararen zerbitzura” emateagatik egingo diote omenaldia Loiolari: “Elgoibar Ikastolaren sorrera amestu zutenek 1962an zuten helburu bera islatzen du Aubixa baserriak: euskararen berpizkundea, arnasa eta bizia; elkarlana eta konpromisoa; ilusioz pentsatutako eta bihotzez gauzatutako proiektuak. Eta hori guztia, irribarre baten indarrarekin”. Minbizidun haurrei eta haien familiei laguntzen aritzen den Aspanogik ere jasoko du merezitako errekozimendua, elkartearen sorreratik 30 urte betetzen diren honetan.

Jaialdira joatea errazteko, garraio publikoaren eskaintza indartuko dute: tren eta autobus zerbitzu osagarriak jarriko dira martxan.