Kirol-azpiegiturak hobetzeko “urrats sendoak” egiten dabil Udala

Kirol-azpiegiturak hobetzeko “urrats sendoak” egiten dabil Udala
2026/05/07 13:48
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak jakinarazi duenez, kirol-instalazioak modernizatzeko eta eguneratzeko hainbat lan jarriko ditu martxan datozen hilabeteetan, “kluben eta erabiltzaileen beharrei erantzuteko”. Proiektuak lizitazioaren azken fasean daudela edo dagoeneko bideratuta daudela adierazi du.

Aurreikusitako jardueren artean dago Ipuruako kirolgunean rokodromo bat sortzea. Horretarako, bi squash pista banatzen dituen horma eraitsiko da eta espazio bateratu berri bat egokituko da. Lanek 15 asteko iraupena izango dute eta 50.000 euro inguruko aurrekontua dute, eraispen lanak barne.

Bestalde, erdiko pista nagusia ere berrituko da. Jarduketak parketa kentzea, zorua egokitzea eta zoladura elastiko berria jartzea aurreikusten da, eta 225.000 euroko inbertsioa izango du. Lanak 4 eta 6 asteren baitan egitea aurreikusten da. Horrez gain, sabaiko habeak garbitzeko lan osagarriak egingo dira, 17.424 euroko aurrekontuarekin.

Udalak azaldu duenez, obrak udako etenaldian egitea aurreikusten da, kirol-klubei eta erabiltzaileei ahalik eta eragin txikiena sortzeko.