Kirol-instalazioak modernizatzeko eta hobetzeko plana abiarazi du Eibarko Udalak

Kirol-instalazioak modernizatzeko eta hobetzeko plana abiarazi du Eibarko Udalak
2026/03/02 13:21
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak eraberritze- eta mantentze-plan zabala jarri du martxan herriko kirol-instalazio nagusietan (Ipurua, Orbea, Unbe eta Astelena). Jakinarazi duenez, planaren helburua da instalazioen segurtasuna, irisgarritasuna eta erabiltzaileen erosotasuna hobetzea, baita ekipamenduak eguneratzea ere.

Ipuruan, martxoan zehar, galdararen gunean deskaltzifikatzeko gailu bat jarriko da, eta aldagelako sabaiak eta ur-ihesak konponduko dira. Gainera, rokodromo berria egiteko lanak abiatuko dira, eta lau hilabeteko epean amaituta egongo direla aurreikusi dute. Igerilekuari dagokionez, bertara sartzeko arrapala egingo da, eta igerilekuko klimatizazio-sistema berrituko da; hodiak garbitu eta hondatutakoak ordezkatuko dira. Kiroldegiko erdiko pista uda amaierarako berriztea ere aurreikusi dute. Jarduketa horietan guztietan 160.000 euro inguruko inbertsioa egingo dela adierazi du Udalak, eta lanek hiru aste inguru iraungo dutela.

Orbeari dagokionez, martxoan galdara berria eta deskaltzifikatzeko gailu bat jarriko dira, eta aldagelako sabaiak zein antzemandako hezetasunak konponduko dira. Maiatza eta ekaina bitartean, Spa zerbitzuan pantaila berri bat jarriko da, eta udan, instalazioa itxita dagoen bitartean, indarra lantzeko makina berriak instalatuko dira gimnasioan.

Unberi begira, deskaltzifikatzeko makina bat eta galdara berriak jarriko direla azaldu du Udalak. Jakinarazi dutenez, Kirol Sailak enpresa batekin elkarlanean egingo ditu obrak, fatxadan dauden filtrazioak konpontzeko. Behin fatxadako lanak amaituta, gimnasioko zorua jarriko da. Urtean zehar bestelako lanak ere egingo dira: aldagelak, dutxak, ateak eta kristalak eraberritzeaz gain, behealdeko zelaiko argiak aldatuko dira.

Astelena frontoian, apirila eta maiatza bitartean izango dira berritasunak: joko-kantxa berriztu eta margotuko da, eta gaur egun espazioan dauden itoginak ere konponduko dira.

Amaitzeko, Udalak jakinarazi du enpresa batekin kontratu txiki bat egitea aurreikusi duela, Ipurua eta Orbeako igerilekuen eta Sparen kontrola bere gain har dezan, espazio horien funtzionamendua eta kudeaketa optimizatzeko.