Kirol, kultura eta euskera elkarteek diru-laguntza hitzarmenak sinatu dituzte
Gaur arratsaldean (astelehena, hilak 29), udaletxeko pleno aretoak hartu duen ekitaldian, kirol, kultura eta euskara alorrean Eibarren beharrean diharduten elkarteetako ordezkariek eta Miguel de los Toyos alkateak elkarte bakoitzari dagokion diru-laguntza izendunaren hitzarmenak sinatu dituzte. 39 elkarte izan dira guztira eta 46 jarduera edo proiektu garatzeko diru-laguntza eman die Udalak. Sinatzen hasi baino lehen, Esther Kareaga Euskera-Kultura zinegotziak guztiei eskerrak eman dizkie, "urte osoan egindako lanarengatik".
Talde horiei emandako Udalaren diru-laguntza 186.058 eurokoa izan da: kopuru horretatik 45.963 euro kultur arloko elkarteentzat izan dira, 21.298 kirol elkarteentzat, 35.810 jai batzordeentzat, 81.862 euskeraren inguruko taldeentzat (tartean …eta kitto! Euskara Elkartea) eta 1.125 euro gazteriarekin lotutako elkarteentzat.