Kirol ukitu berezia aurtengo San Juan jaietako omenduen artean
Urtero bezala, San Juan jaiak aprobetxatuz, herriko zenbait erakunde eta lagunek ondo merezitako errekonozimendua jasoko dute egindako lanarengatik. Horrela, jaien inguruko hainbat ekitalditan hartuko dute parte Eibarko Udalak kaleratutako zerrenda honetakoak: S.D. Eibar, Eibartarrak, Urki eta Eibarko Klub Deportiboa erakundeen arloan, eta Mireia Alonso, Josu Mujika eta Jose Agustin Larrañaga maila pertsonalean.
S.D. Eibar klubarentzat, nahiz eta gizonezkoen lehen taldeak bere helburua lortu ezin, denboraldia ikaragarria izan da, emakumezkoen zein gizonezkoen bigarren taldeek mailaz igotzea lortu baitute. Horrela, CD Vitoria filialaren izenean, Unai Ayala jokalaria eta Edorta Silva delegatua izango dira ordezkariak; eta emakumezkoen B taldea Irati Etxeberria eta Intza Apellaniz jokalariek ordezkatuko dute.
Futbolarekin jarraituz, Eibartarrak-eko talde nagusiak Erregionaleko Gorengo Mailara igo du eta, Iñaki Osa presidentearekin batera, Jon Agirrebeitia eta Josu Etxegarai jokalariak izango dira ekitaldietan. Urki FT-ko beste bi taldek ere igo dute mailaz eta hor, Issbel Diaz entrenatzailearekin batera, Koldo Maiz eta Imanol Maza jokalariek osatuko dute ordezkaritza.
Aurten mendeurrena bizi duen Eibarko Klub Deportiboa ere ezin alde batera laga, ibilbide luzea egin baitu 100 urte horietan herriaren alde egindako hainbat ekitaldik erakusten duten bezala. Iñaki Osoro presidenteak eta Aresatz Usobiaga presidenteordeak izango dira aurpegia ipiniko dutenak San Juan jaien inguruko ekitaldietan.
Azkenik, bada hirukote bat, bakoitzak bere esparruan, ahalegin berezia egin dutenak azken urteotan, emaitza paregabeak lortuz herriaren garapenean. Hor ditugu Mireia Alonso sukaldaria, Zaporeak ekimenaren alde jo eta su lan egiteaz gain, Lesbosera laguntzera ere joan izan dena; Josu Mujika dantzaria, Biraka taldearekin egindako hainbat proiektuetan eibartar askori eure onena ematera bultzatu diena; eta Jose Agustin Larrañaga idazle eta artista, Eibarko Artisten Elkarteko presidente karguan urte dexente eman duena.
Omenduak ez dira faltako Sanjuanetako zenbait ekitalditan, hala nola, Estaziñoko dultzaineroen harreran, udaletxeko pregoian, San Juan Suan, soka-dantzan... Zorionak! Ondo merezita baitute herritarron errekonozimendua!