Kirola eta artea, integraziorako bide

Debegesa garapen agentziak bultzatuta, Gazte Kide proiektua jarri dute martxan ikasturte honetan. Eibarrera iritsitako gazte etorkinei harrera egiteko eta herrian integratzen laguntzeko jaio den ekimena da eta, horretarako, kirola eta artea izan dituzte bidelagun.
2026/07/16 11:44
Ekhi Belar Errasti

Marta Lores arduratu da Gazte Kide proiektuaren koordinazioaz. Hainbat ekintza egin dituzte azken hilabeteotan eta arteterapia saioekin amaitu dute, Arrate Kultur Elkartearen Topalekuan dagoen erakustea batekin borobilduz. Arteterapia saioaz Maite Arriaga arduratu da, eta erakusketa prestatzen ari ziren bitartean harrapatu ditugu proiektuaren inguruan berba egiteko.

Gazte Kide proiektua “Eibarren beharra zegoela nabari zelako” jarri zen martxan, Loresek kontatu digunez. Baina, zeren beharra? “Herrira heldu berri diren gazteen beharrak aztertu genituen eta horietako batzuk ziren Eibar ezagutzea edota herrian sareak sortzea (askotan eskolatik etxera itzultzen dira zuzenean eta lagun talde murriztuetan bakarrik harremantzen dira). Gainera, kontuan izan behar dugu 12-17 urte arteko gazteak direla, nerabetasun bete-betean daudela eta prozesu migratorio nahiko potentea egin dutela (euren bizitza bat-batean moztu eta hona etorri dira, eurek erabakian parte hartu gabe). Euren osasun mentala nahiko arriskuan dagoenez, pentsatu genuen kirola demaseko erreminta izan zitekeela bide horretan laguntzeko”.

Gazteei kirolaren bidea zabaldu aurretik, herriko klubekin harremanetan jarri ziren euren asmoen berri emateko. “Eibarko Klub Deportibotik, CD Urki futbol taldetik, Eibar Saskibaloiatik eta beste hainbat taldetatik baiezkoa eman ziguten”, diosku Loresek. Gero, ikastetxeekin eta Gizarte Zerbitzuekin batzartu ziren proiektua azaltzeko eta erremintak emateko gazteak detektatu zitzaten, gero eurengana bideratzeko. “Bideratu ondoren, familiekin eta gazteekin elkartu ginen, eta aurrez aurreko elkarrizketak egin genituen. Horrela, 29 gazte bideratu zizkiguten eta, guztiekin batu ondoren, premia gehien zituztenen balorazioa egin genuen. Izan ere, guztiei ezin genien dirulaguntza eman kirolean fitxa egiteko, materiala erosteko... Dena dela, klubek demaseko laguntza eman digute, nahiko aurrekontu murriztua izan dugulako. Beharra gazte guztiek zituzten, baina batzuek beste batzuek baino gehiago, eta azken horien egoera, beharrak eta abarrak gehiago aztertu genituen, erantzuna emateko”, azaldu digu Loresek.

Emaitza positiboak

Gazte batzuek hasieratik zuten argi zertan aritu nahi zuten, baina beste batzuek aurretik inoiz ez zuten kirolik praktikatu. “Beraz, hasieran kirolak probatzen ibili ziren eta gero bakoitzak gustukoena aukeratu zuen”, dio koordinatzaileak. Orduan, fitxa egin zitzaien horretan aritzeko, eta materiala eta beharrezko guztia eman zitzaien. “Guztira, 15 gazte ‘bekatu’ ditugu”, diosku Loresek. “Hala ere, jarduera extra batzuk egiteko aukera zegoela ikusita, gainerako gazteei ere erantzuna eman nahi izan nien, kanpoan ez geratzeko. Azkenean helburua bera zen: etxetik irtetea, lagunak egitea, herriarekin harremantzea... Horrela, SD Eibar-ek sarrerak eman zizkigun partida bat ikustera joateko eta denak joan ziren; diru-poltsa txiki bat eduki dugu surf egiteko eta hor ere denak egon dira; herrian egon diren erakusketetara joan dira denak... Herriarekin beste harreman bat sortu dute horrela, euren artean elkar ezagutu dute eta beste gazte batzuk ere ezagutu dituzte”.

Otsailetik hona egon da martxan Gazte Kide programa. “Denbora gutxi izan da”, Loresen iritziz, baina proiektuak gazteengan izan duen eragina oso nabarmena dela dio: “Gazte batzuk ez ziren etxetik irteten eta orain kalean dabiltza lagunekin aurrera eta atzera”.

Amaitzeko, arteterapia

Maite Arriagak eskaini dien arteterapia saioekin amaitu dituzte Gazte Kide proiektuaren ekintzak. “Kirolaren eta aisialdiaren bitartez ongizate emozionala lortzen dugu, beraien tokia aurkitzeko modu bat izan da eta errutinak sortu dituzte, besteak beste; baina badago beste alderdi bat arteterapiarekin landu duguna: askotan inork ez die galdetzen zer moduz dauden eta eurak ere ez dira zer moduz dauden pentsatzera gelditzen (agian ez dakite nola egin ere, normala denez). Orduan, arteterapiarekin, konturatzen zarenerako zure buruak eta arimak eramaten zaituzten tokiak margotzen dituzu”, azaldu digu Loresek.

Arriagak modu sinplean azaldu digu zein den arteterapiaren helburua: “Hitzen bitartez adierazi ezin dena irudien bitartez adieraztea”. Horrela, koadro bakoitzak emozio edo irakurketa ezberdin bat adierazten du, eta pertsona bakoitzaren barrutik irteten da, istorio bat kontatuz. “Irudi oso ezberdinak egin dituzte. Irudi gogorrak daude, baita kolore gogorrak ere, argitasuna eta askatasuna... Ez naiz ausartzen hitzak ipintzen, arriskutsua delako eta bakoitzaren irudiak errespetatu behar direlako”, diosku artistak.

Honekin amaiera emango diote Gazte Kide proiektuari, baina gazteen bizitzak aurrera jarraituko du. Beraz, gero zer? “Gazteek hau guztia amaitzen zela jakin zutenean egin zuten lehen galdera hau izan zen: Datorren urtean jarraituko dugu? Nire erantzuna izan zen ez dakidala. Proiektu pilotua izan da. Ideia hor laga dugu, demaseko erantzun ona izan du eta memoria bete-betea idatzi dugu. Agian, norbaitek lekukoa hartzea nahiko luke, baina momentuz ez dakigu. Oraingoz, esperientzia hau geratu zaigu. Erakutsi dugu beharra badagoela eta ondo funtzionatzen duela. Gogoa badago, baita gazteak ere, eta aurrerantzean hori izango da joera. Prozesu migratorioak egiten dituzten familiak egongo dira, gazteekin, familiak lan asko egiten eta gazte asko etxean, zaintzaile lanak egiten edo dena delakoa. Hori ez da osasuntsua. Eurak ere eibartarrak dira, nagusiak izango dira eta baita guraso ere, eta bizitzako esperientziek markatu egingo dituzte nagusitzen doazen momentuan. Beraz, adin hauetan eurekin lan egitea oso garrantzitsua da. Baita txikiagoekin ere, baina eurek Eskola Kirola dute, adibidez. 12 urtetik aurrera kirola egitea pribilegioa bihurtzen da eta, ulertzekoa den bezala, familia hauek ez dute aukerarik”, Loresen ustez.