Kirola Familian ekimenari hasiera eman diote asteburuan
Zapatuan, azaroak 29, eman zitzaion hasiera Kirola Familia ekimenari. Horren bitartez, 2 eta 5 urte arteko haurrek aukera izango dute doako espazio seguru batez gozatzeko Ipurua kiroldegian. Gainera, udal-kiroldegiko bazkide izan gabe ere parte har daiteke. “Asteburuak familia-giroan igarotzeko aukera polita eta segurua eskaintzen du zerbitzuak”, esan dute Udaletik.
Zerbitzua Ipuruako gimnasioan emango da, zapatuetan eta domeketan, 17:30etik 19.30era, otsailera bitartean. Egun hauetan egongo da irekita: abenduaren 7, 13-14, 20-21 eta 27-28an; urtarrilaren 3-4, 10-11, 17-18, 25 eta 31n; eta, otsaileko asteburu guztietan. “Zerbitzua eskaini ahal izateko familia boluntarioak behar dira; horrela izan ezean, espazioa itxita egongo da”, abisatu dute.
Zerbitzua erabiltzeko pausu hauek jarraitu behar dira: “Atezaintzan karpeta urdina eskatu, estatistika-orrian bertaratutako ume kopurua jaso (izenik gabe), araudia betetzen dela ziurtatu, jatea edo baloi handiekin aritzea saihestu eta txikiak squash kantxetatik kanpo daudela ziurtatu. Horrez gain, zentzuz jokatu behar da sortzen den edozein egoeraren aurrean. Karpeta urdinean lana errazteko xehetasunak eta gomendioak daude”, esan dute Udaletik.