Kirola izango da protagonista Kofradia eta Baserritar Jubilatuen Egunean
Kofradia eta Baserritar Jubilatuen Eguna izango da domeka, irailak 14, eta hainbat ekintzen artean, kirolak protagonismo berezia izango du Simon Aldazabal lasterketaren 30. edizioarekin eta Kaelo memorialaren pilota partidekin.
Simon Aldazabal lasterketa Eibarko Klub Deportiboaren paretik irtengo da, 10:30ean, eta parte-hartzaileek Arratera igo beharko dute Orbeko bidetik. Izen-ematea doakoa izango da eta bertan eman daiteke, lasterketa hasi aurretik.
Frogak 5,5 km izango ditu eta parte-hartzaileek % 20-ko maldak gainditu beharko dituzte. Azkar aritu beharko dira 2011. urtean Cristina Loedik (32' 21") eta El Hassan Oubadi (25' 2") ezarritako errekorrak hausteko.
Kaelo memorialari dagokionez, kadete eta jubenil mailako esku pilotako partiduak jokatuko dira Arrateko frontoian 12:00etatik aurrera.