Klakearen oinarrizko pausoak ikasteko klasea emango dute barixakuan

Klakearen oinarrizko pausoak ikasteko klasea emango dute barixakuan
2023/11/28 eta kitto!
Kezka dantza taldearekin elkarlanean, “Tipi-tapa! Klakearen teknikara hurbiltzea” ikastaroa antolatu dute, Dantzan Ikasi programaren baitan. Dantza tradizionalaren irakaskuntzan laguntzeko asmoz Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako programa da Dantzan Ikasi. Ikastaroa barixakuan (abenduaren 1ean) izango da, 19:00etatik 21:00etara, Portalean, eta matrikulak 15 euro balio du. Klakea edo tap-dantza ikastea izango da erronka: “Zapateatu moduan ezagutzen den dantza moldera hurbiltzeko saiakera egingo dugu Larraitz Ugartemendia klake dantzariarekin”. Parte hartzera animatzen direnek berotze ariketa batzuk egin, eta teknikako oinarrizko pausuak eta koreografia sinple bat ikasiko dituzte, “guztia swing pixka batekin”. Informazio guztia dantzan.eus web orrian dago.