Klub Deportiboa jendez gainezka egon zen ‘Deporreko emakumiak’ proiektuaren aurkezpenean
Atzo arratsaldean ikusi zuen argia ‘Deporreko emakumiak’ proiektuak eta distira egin zien Eibarko Klub Deportiboaren egoitza bete zuten lagunei. Denbora luzez eta maitasunez egindako lana izan da, “lan xume-xumea”, sortzaileen berbetan, baina helburu sendoa duena: “Eibarko Klub Deportibotik pasatu diren emakume guztien aitortza publikoa egitea eta haiei dagokien espazioa bistaratzea”.
Deporren webgunean proiektu horretarako sortu duten materiala duzue eskuragai dagoeneko eta, bertan, ikus-entzunezkoa, Klub Deportiboarekin zerikusia izan duten hainbat emakumeren lekukotzak, elkarrizketak idatziz, Ardantzako iturriaren alboan dagoen paretan margotu duten muralaren argazkiak eta bestelako argazki batzuk aurkitu ahal izango dituzue.
Ekimenaren bultzatzaileek adierazi dutenez, “espero dugu keinu txiki honek ere lagunduko duela klubaren hemendik aurrerako etorkizuna eraikitzen, eta balioko duela emakume guztien balioa, ekarpena eta indarra aitortzeko”.