Klub Deportiboak 100 urte beteko ditu bihar

Klub Deportiboak 100 urte beteko ditu bihar
2024/01/29 eta kitto!
1924ko urtarrilak 30. Egun horretan sortu zuten Eibarko Klub Deportiboa. Bihar data horren mendeurrena ospatuko dugu eta, horretarako, eibartar guztion parte-hartzea bultzatuko duen egitaraua prestatu dute elkatekoek. Goiz-goizetik hasita, egun osoa hartuko duten aktibitateak lotu dituzte Deporrekoek, adin guztietako jendea hartuko dutenak. Dena dela, gaur abiatuko da horietako bat: Urkorako bidea argiztatzekoa. Bi egun berezi hauekin hasiko da, beraz, horrelako data bereziak merezi duen ospakizun-multzoa, urtean zehar aurrera eramango direnak. Ekitaldiak denetarikoak izango dira, "gehienbat parte-harztaileak" eta gure Depor inoiz baino presenteago izango dugu 2024. urte honetan. Zorionak eta Deportibo bilakatu gaitezen, beraz!

 

Gaur, klubaren mendeurren egunaren bezperan, Urkorako bidea argiztatzeko deialdia egin dute klubetik: "300 lagun elkartu nahi ditugu Arrajolatik Urkorako bidea argiztatu eta mendeurrenari hasiera emateko argazki zoragarria lortzeko asmoz". Ekintza arratsaldeko 18:15etik 19:15era artean egiteko asmoa dute eta, klubetik diotenez, "deia zabaldu eta berehala 50 lagunek eman dute izena. Ehunekin ere nahikoa izango litzateke akaso, baina 300ekin, bakoitzaren arteko 5-6 metroko tartea ezarriz, asmatzeko moduan gaudela uste dugu". Aurretik ere probatxo bat egitekoak ziren, "argazkilariek izango dutelako azken hitza". Eguraldiak ere zertxobait laguntzea ez litzateke txarto egongo.

Behin martitzenera helduta, goizeko 09:00etan mendi-irteera abiatuko da Erlora. Goizeko 08:00etatik 16:30ak arte topaketak izango dira Eibarko ikastetxeetako ikasleekin Astelena frontoian; horretarako, Uni Eibar-Ermuako kiroletako zikloetako ikasleen laguntza izango dute. Eta 17:30etik 19:00ak arte beste saio batzuetarako tartea izango da esparru berean, Astelenan. Alde batetik, 100 kilometro egingo dituzte korrika zintan, bost korrikalarien parte-hartzearekin: Asier Cuevas, Julen Teran, Aitziber Urkiola eta Oihane Sarasketak osatutako laukoteari korrikalari herrikoi bat gehituko zaio. Beste 100 kilometro osatuko dituzte bizikletan rodiloan, hor ere bost txirrindularirekin: Jokin Amorrosta, Pello Osoro, Maria Gallastegi eta Ane Ziaranek osatutako laukoteari beste txirrindulari herrikoi bat gehitzeko. Pilotan ere egingo du 100 laguneko taldeak, barru modalitatean, bost azpitaldetan banatuta. Eta ez dira faltako xakeko partida azkarrak.

19:00etan Klub Deportiboaren historia laburbiltzen duen 10 minutu inguruko bideoa proiektatuko dute frontoian bertan. Eta, Astelenatik irtenda, Errebalera joko dute, hor klubaren sorrerako akta irakurtzeko 19:30ean. Behin hori amaituta, 20:00etan, berriro kalejiran klubaren egoitzara (T. Etxebarrian) bueltatuko dira, 20:10ean sokadantza egiteko egoitzaren aurrean. 20:25ean errotulu berria bistaratzeko ekitaldia egingo da, 20:30ean familia-argazkia aterako dute eta, azkenik, 21:30ak arte, egunari amaiera emango dion luntx irekia izango da klubean. Klubetik diotenez, "hainbat Federazioetako ordezkarien presentzia ziurtatu digute".

Hori bai, Astelena frontoian egingo diren ekitaldietan, bertan egiten den kilometro bakoitzeko klubak euro bat jarriko du Zaporeak elkartearentzat: "Bertaratu eta parte hartuko duten guztiei ere Zaporeak elkartearen ekimenak babesteko ekarpena egitea eskatzen diegu". Greziako Lesbosen errefuxiatuen alde lan egiten duen elkarteari laguntzea erabaki dute Deporrekoek, "egoki ikusten dugulako premia larrian daudenekin eskuzabalak izatea". Horrela, barruetan ere bakoitzeko 2 euro ipiniko ditu Deporrek eta "bezperan Urkorakoan parte hartzen dutenen bakoitzeko beste bat".

Ikusten denez, ikuskizuna baino, jendearen parte-hartzea lehenesten dute. Ekimenetan parte hartu nahi dutenek 943201904 telefono zenbakira deitu dezakete edo info@deporeibar.com helbidera idatzi.

depor mendeurrena programa

 

Ia 3.000 bazkideren kluba

Gaur egun Klub Deportiboak “2.700 bazkide pasatxo izango ditu”, Iñaki Osoro presidentearen esanetan. Azken urteotan ez dela alde handirik izan dio, “75. urteurrenaren bueltan 4.000ra iritsi izan baginen ere; orduan, baina, bajarik ere ez zen ematen eta bazegoen kuotarik ordaintzen ez zuenik. Zerrenda garbitu eta milatik gora ezabatu genituen. Orain ohikoa izaten da aktibitatea egiteari lagatzerakoan baja ematea”. Lehen lotura hori barneratuago zutela dio berak, “bazelako jaio eta berehala bazkide egiten zituztenak”.

Aste honetako ekitaldietatik kanpo, izango dira beste asko urtean zehar garatuko direnak, “guztiak ere ukitu bereziarekin”. Maiatzaren azken asteburuko Euskal Jaia eta ekainaren lehenengoko Klubaren Eguna dira horietako batzuk, bestela ere urtero erreferentziazkoak izaten direnak. Klubak egiten duena “kalera ateratzeko” asmoz, hainbat ekitaldi izango dira 2024an: “Mendiaren kale eguna izango dugu, baita Atletismoarena ere, Squash-a ere plazara aterako dugu pista eta guzti, maiatzean 100 kilometroko Traila osatuko dugu inguruko punta guztiak batuz, Txirrindularitzan uztailean afizionatuentzat Arrate Igoera egingo dugu, irailean bizikleta gaineko kale-kriteriuma hor egongo da, Pilotak ere izango du bere protagonismoa, pilota herrian zabalduz eta jardunaldiak eginez, Eskalada jardunaldiak ez dira faltako, ...”. Bestalde, Xakeko Gipuzkoako txapelketa guztiak Eibarren izango dira aurten, Urpekaritzan Euskadiko Apnea Txapelketa jokatuko da kiroldegian martxoan, eta Gipuzkoako Atletismo Gala ere Coliseora ekarriko dute oraingoan.

Hortik kanpo, “badugu iturriak eta bideak berriztu eta errekuperatzeko asmoa ere”, diosku Deporreko presidenteak. Udaberrian hasiko dira bideak garbitzen, “Udalarekin elkarlanean, bideen katalogoa osatzeko”. Eta, urteurrenaren karietara, kale-erropa salgai jarriko dute egun hauetan: “Asmoa dugu kirol aktibitateetarako arropa guztia berriztu eta batasun bat emateko, diseinu aldetik ere”.

 

Askoren artean egindako bidaia

Eibarko Klub Deportibotik izen handiak pasatu dira, batzuen kasuan presidente kargua izatera iritsi direnak: “Hor ditugu sorrerako Jose Laskurain, geroagoko Juan San Martin, Juanito “Txoko” bera, Paco Larrañaga “Pakol”, Marcial del Amo... Gehienen kasuan aurretik batzorde bateko presidente izatetik klubeko presidente izatera pasatutakoak”. Baina Pedro Agirregomezkorta “Petrus”-en figura nabarmenduko luke Osorok: “Inoiz ez da inongo presidente izan, baina boluntariotzan jardun izan du umeumetatik 80 urte bete arte, gaitasun fisikoari eutsi dion denbora guztian: xakean, aldizkarian, eskian, goi mendiko arduretan, Unben umeak entrenatzen...”.

Hasierako batzordeak atletismoa, txirrindularitza, alpinismoa eta pilota izan ziren. Eta 1924ko urtarrilaren 30eko sorrerako aktan irakurri daitekeenez, bazkide bakoitzak pezeta bat ordaindu behar zuen hilero eta 50 ehuneko aspirante zirenek. Mendiaren eta txirrindularitzaren bueltako ekitaldiak nagusitu ziren batez ere sasoi hartan, hainbat txango eta proba antolatuz. Osorok dioenez, gainera, gerra aurreko urte haietan nabarmentzekoa da emakumearen presentzia: “Orain arte ez da emakume presidenterik izan, nahiz eta gaur egungo zuzendaritzan presentzia nabarmena izan. Baina betidanik egin dute lan ezkutu hori, lan administratiboa”.

Klubaren alderdi soziala nabarmendu nahi du Iñaki Osorok; hori bai, “lehiatzea helburu ez izanda ere, beti lehiatzeko prest”. Espiritu horren adibide dira klubetik sortutako Simon Aldazabal edo Bolunburu atletak, eta Eli Ojanguren eta Lusarreta mendizaleak, sasoi batean, edo geroagoko Asier Cuevas, Patxi Usobiaga edo Odei Jainaga maila handiko kirolariak. Mendi irteerak, atletismo probak eta helduen dantzak Deporrek eskaintzen duen zerbitzu sozialaren froga diren bezala, boluntariotzaren figura ahaztu barik. Promozio eta zerbitzu horrekin lotuta, “aterkiaren funtzioa” azpimarratzen du presidenteak: “Argazkilaritzaren batzordea barrutik sortu zen bezala, orduko mendizaleak kamara lagun zutela ibiltzen zirelako beti, igeriketari eta geroagoko squash-ari babesa eskaini izan zien klubak”. Sorrerako kirol arloa kulturara zabaldu zen 50.eko hamarkadan: “Sasoi hartan kultura eta euskararen gosea bizi izan zen, `Kezka´ aldizkariaren izenak berak ondo adierazten duen bezala”. Askatasunari tartea ireki zion klubak geroago ateak irekiko zizkion Arrate Kultur Elkartetik zetorren aportazioari ere, Euskal Jaiarekin esaterako.

 

Eguneratzea ere tokatzen da

Jakina, badira aldeak sorrerako eta 100 urte geroagoko klubaren artean, nahiz eta betiko espirituari jarraitu dioten. Iñakik dioenez, “lau aktibitaterekin sortu bazen ere, denen artean garatu zuten proiektua; denborak aurrera egin ahala, bakoitzak gehiago landuko du bere arloa”. Ahulezi bezala ez, baina arazotzat jotzen du “gaur egun administrazioak eskatzen duen papeleoa, lanaren %80 hartzen duelako ia; horrek erreleboa ere zaildu dezake”. Administrazioak lan hori profesionalizatu nahi duela dio, “baina ez da guztiz posible. Tourrean bertan ikusi da: azken unera arte boluntarioak eskatzen ibili ziren”. Horregatik, boluntariotzaren eta profesionalizazioaren arteko “oreka” bilatu behar dela dio.

Hurrengo erronkarengatik galdetuta, “egiten duguna kalean ezagutzera eman” esaten digu. Horretarako, baina, ez du bide aproposagorik bilatzen “egin eta, ondoren, egin” baino. Jendeak Deporrek zer egiten duen jakiteak aldebiko onurak dakarzkielako: lanaren errekonozimendua batzuentzat eta, bestalde, zerbitzuaz gozatzeko aukera besteontzat.