Klub Deportiboak bihar Ate Irekien Eguna ospatuko du
Klub Deportiboak kalera atera nahi ditu bertan urte osoan egiten diren kirol eta kultura ekintzak eta, horretarako, egun osorako egitaraua prestatu dute hilaren 29rako.
Irabazi asmorik gabe sortu zen 1924an eta ordutik hainbat arlo edo komisio sortu dira, egun, hamairu izateraino. Kideek, klubean egiten dituzten ekintzak kalean ezagutu eta disfrutatu ditzaten nahi dute, “kultura, kirola eta aisialdiak bat egingo duen eguna” izatea, “klubaren ateak herritarrei irekiz, eta parte hartzeko gonbitea luzatuz”. Horregatik, berauen errepresentazio txiki bat bertatik-bertara ikusteaz gain, norberak probatzeko ere, aukera paregabea izango du datorren hilaren 29an.
Egun guztirako egitaraua
Goizeko 09.00etan ekingo zaio egunari, mendiko komisioak antolatutako mendi irteera eta espeleologiakoek Urkoko kobazulora antolatutakoarekin.
Ordurako, Euskal Jaiaren eta Deportiboaren historia jasotzen duen erakusketa ikusgai egongo da, Kultura alorraren eskutik.
Goizeko 10.00etan, argazkilaritza sailak antolatuta, Eibarren zehar argazkiak aterako dituzte, taldean, gerora erakusketa bat eta bideo bat osatzeko. Eski komisioak berriz, roll-eskien erakustaldia eskainiko du Calbetonen eta nahi duenak errepiderako eski berezi hauekin trebatzeko aukera izango du.
Xake sailak 8x8 metroko xake erraldoia prestatu du, 12.00etatik 14.30era bitartean, Untzagan. Pilota komisioak lotuta, artisau bat etorriko da besteak beste esku babesak zelan ipintzen diren irakastera eta udaletxepean urpeko ekintzetan erabiltzen den materiala eta bideoak erakutsiko dituzte.
Txirrindularitzari dagokionez, GIRO eta TOUR-ean erabiltzen duten autobusa erakustoki bilakatuko dute eta Debabarrenako txirrindulariak izango dira bertan.
Aipatu, Squashen jokatzeko aukera ere egongo dela, baina pista puzgarri baten gainean, Toribio Etxebarriatik San Juanera doan kalean.
Arratsaldean kanpandorrea eskalatzera
Arratsaldeko 15.00etan klubeko arlo guztien arteko bazkaria egingo da Toribio Etxebarria kalean, parte hartzaile guztiei, nagusi zein umeei zabalik egongo da, eta txartelen bidez egingo da.
Ostean, egongo da zer eginik. Hasteko, 18.00etan “barru herrikoia” jokatuko dute San Andres elizako horman. Xakeak ere izango du segida, hala, aldi bereko partidak jokatuko dituzte Toribio Etxeberrian. Espeleologiako kideek, Eibar lur azpitik zeharkatuko dute, Elgetako bidetik udaletxera doan errekasto bat jaitsiz.
Ekintza ikusgarrienetako bat eskalada izango da. Herri boulderraz gain, udaletxeko erlojurako eskalada egingo dute eta baita San Andres elizako kanpandorrera ere bai. Toribio Etxebarrian, ekilibrismoa izango da.
Iluntzeko 19.15ean, altuera jauzia, errelebo lasterketa eta hesi jauzia egingo dira Untzaga plazan, atletismo sailak antolatuta.
Ate irekien eguna ixteko, Kezkak erromeria antolatu du eta 20.30etik 22.30era luzatuko da.
Ekitaldi guztiak herritarrei zabalik antolatu dituzte, nahi duenak parte hartzeko aukera izan dezan. Hala ere, herri-bazkarirako txartelak honezgero salgai ipini dituzte Deporren bertan (12 euro helduak, 8 euro umeak) eta irteeretan parte hartu nahi dutenek ere aldez aurretik izena ematea komeni dela gogoratu dute, antolakuntza errazteko.