Klub Deportiboko 30 mendizale Burgosko mendietan izan dira

Obaranes mendietan zehar ibili ziren Deporreko mendizaleak, Orbañanosetik Friasera
2026/06/08 11:24
Ekhi Belar Errasti

Asteburuan Burgosko Obaranes mendietan ibili ziren Eibarko Klub Deportiboko 30 mendizale eta Antxon Narbaizak honako kronika bidali digu:

“Goizean Eibartik abiatu gara Araba eta Burgosen arteko mugara iristeko. Orbañanos herrian, dagoeneko Burgosen lurretan, ekin diogu gure ttipi-ttapari. Sobron urtegiaren ondoan, Santa Maria de Garoña  zentral nuklear izanikotik gertu, paraje eder batean ibili gara beti gora, pagadi, ezpeldi, ereinotz eta beste hainbat zuhaitz  mota pasatuz. Gure lehenengo tontorra Mancubo izan da nora azpiko arboletan kukuen kantuak entzuten genituela heldu garen. 1.100 metrotik gora duen tontorra gaindu dugu aurrenik, belardi eroso bat zapalduz. Obarenes mendiserran gaude eta, ortzemuga gandutsua agertzen den arren, Valderejo aldea, Demanda (San Lorenzo) eta beste hainbat mendilerro ikusten genituen. Aurrez aurre, berriz, gure hurrengo gailurra dugu Flor izenekoa, 1339 metrotan (geodesikoa bertan), zeinetara aise iritsi garen eta, azkenik,  erlaitzean gora, gure gaurko erpinik garaiena zapaldu dugu: (H) Umion. Inguruko erregea dugu eta gure arreta erakartzen du bere nagusitasuna erakusten baitu (1437 m.). Gurutze batek gaintzen du mendia, non ibiltari dezente ikusi ditugun, batzuek Frias aldetik igo dutenak, besteak, ostera, gu bezala Sobron aldetik iritsi direnak. Jaitsiera luzea izan da urruti susmatzen genuen Frias herriraino,  bederatzi kilometro luzeko bidea. 22 kilometrotik gora izan dira, sei ordu t-erditan burutuak, 1200 metroko desnibela gaindituz. Frias herri turistikoak bisitari askorekin hartu gaitu”.