Klub Deportiboko atletek lau domina, ohorezko postuak eta marka hobekuntzak lortu dituzte Gipuzkoako Txapelketan

Atletismo Eskolako ordezkari gazteek Eskolarteko Txapelketari ekin diote Irunen
Klub Deportiboko atletek lau domina, ohorezko postuak eta marka hobekuntzak lortu dituzte Gipuzkoako Txapelketan
Gipuzkoako Txapelketan lehiatu ziren atleta eibartarrak. | EIBARKO KLUB DEPORTIBOA
2026/04/20 17:11
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Klub Deportiboko atletismo taldeko zenbait atleta Gipuzkoako Txapelketa lehiatzen izan ziren larunbatean, apirilak 18, Arrasateko Mojategi atletismo pistan. Eibartarrek oso lan txukuna egin zuten, lau domina, ohorezko postuak eta marka hobekuntzak tarteko.

Anwar El Hassouni Benaissak urrezko domina eskuratu zuen 23 urte azpikoen 1.500 metroetako proban, emaitzarik aipagarriena lortuz. Zilarrezko dominak lortu zituzten, bestalde, Sonia Mendy Gomisek 16 urte azpikoen pisu jaurtiketan, Maialen Cenarruzabeitia Gallastegik 18 urte azpikoen proba berdinean eta Asier Andreu Valerak 18 urte azpikoen 400 metroetan, hirurek euren markarik onenak hobetu zituztelarik.

Dominarik gabe, baina ohorezko postuekin eta marka hobekuntzekin itzuli ziren Elene Beitia Azkoitia (4. izan zen 18 urte azpikoen 100 eta 400 metroetan, bere marka onenak lortuz), Unai Alvarez Solana (4. izan zen 16 urte azpikoen 100 metroetan eta bere marka onena lortu zuen), Naia Astigarraga Berasaluze (16 urte azpikoen 100 metroetan eta luzera jauzian bere markak hobetu zituen), Naia Capelastegui Camiño (18 urte azpikoen 100 eta 200 metroetan bere marka hobetu zuen), Ixone Bilbao Gonzalez (18 urte azpikoen 100 eta 200 metroetan bere marka hobetu zuen), Nerea Aizpuru Boyer (18 urte azpikoen 100 eta 200 metroetan bere marka hobetu zuen), Farah Chajrane Bahassou (100 eta 200 metroetan bere marka hobetu zuen) eta Dennis Marquez Fernandez (18 urte azpikoen 100 metroetan bere marka onena hobetu zuen).

Lan ona egin zuten baita ere 16 urte azpiko kategorian Malen Anderez Aristik (100 metrotan eta 300 metrotan lehiatuz) eta Oier Acha Valdemorosek (bere lehen partaidetzan 100 metrotan).

 

Eskolarteko Txapelketa martxan

Atzo, apirilak 19, 2026ko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa hasi zen Irunen eta bertan izan ziren Deporreko Atletismo Eskolako ordezkari gazteak: Lucia Arkotxa Larrarte, Isabel Pita Lozano, Luke Litago Lasuen, Danel Zubia Cano, Markel Urain Sanz, Maddi Perez Abanos Larreategi eta Lucia Calvo Grande.

60 metro hesietan, luzera jauzian, 500 metroko lasterketan eta pilota jaurtiketan aritu ziren ordezkari eibartarrak eta lehen jardunaldiak erritmoa hartzeko eta entrenamenduetan egindako lana praktikan jartzeko balio izan zuela diote Deporretik.

Hurrengo jardunaldia Tolosan jokatuko da, apirilaren 26an, Berazubi estadio historikoaren atletismo pistetan.