Klub Deportiboko Mendi Batzordearen jardunarekiko gogobetetasun handia agertu dute bazkideek

Urtarrilean inkesta banatu zuten bazkide eta lagunen artean eta horren emaitzak jakinarazi ditu Deporrek
Klub Deportiboko Mendi Batzordearen jardunarekiko gogobetetasun handia agertu dute bazkideek
Argazkia: Eibarko Klub Deportiboa
2026/07/10 09:52
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Klub Deportiboko Mendi Batzordeak azken hilabeteotan bazkideen artean egindako inkestaren emaitzak aurkeztu ditu. Jasotako erantzunek erakusten dute balorazioa orokorrean positiboa dela, baina, aldi berean, hobekuntzarako hainbat erronka ere identifikatu dituzte.

Inkestaren arabera, irteeretan parte hartzen duten bazkideen profila nahiko zehatza da. Parte-hartzailerik aktiboenak 51 eta 65 urte artekoak dira, eta federatzeko arrazoi nagusia segurtasuna dela nabarmendu dute. Gehienek mendiko asegurua eta istripuen aurreko babesa lehenesten dituzte federazioan izena ematerakoan.

Bestalde, inkestak erakutsi du bazkideek oso ondo ezagutzen dutela Mendi Batzordeak antolatzen duen egutegia, %90etik gora baitira programazioa ezagutzen dutela adierazi dutenak. Hala ere, erabilera ez da hain jarraitua: parte-hartzaile gehienek aitortu dute irteeretara "noizean behin" joaten direla, eta ez modu erregularrean.

Inkestatik ateratako beste ondorio aipagarrietako bat bazkideen inplikazioari lotuta dago. Izan ere, askok prestutasuna azaldu dute laguntzaile gisa aritzeko edo etorkizuneko irteera berriak proposatzeko.

 

Eskaintza berritzeko proposamenak

Etorkizunari begira, bazkideek hainbat hobekuntza proposatu dituzte. Eskaririk nabarmenena modalitate berriak txertatzearena izan da. Trail lasterketak, mendiko bizikleta (BTT) eta zailtasun tekniko handiagoko ibilbideak, Pirinioetako edo ertzetako zeharkaldiak kasu, gero eta interes handiagoa pizten ari direla ondorioztatu du batzordeak.

Era berean, gazteak eta familiak erakartzeko estrategiak indartzea ere beharrezkotzat jo dute. Inkestaren arabera, egungo eskaintza batez ere helduei zuzenduta dagoela uste dute parte-hartzaileek, eta belaunaldi berriei lekua egiteko ekimen berriak proposatu dituzte.

Beste eskaeretako bat ordutegi eta daten malgutasun handiagoa izan da. Bazkide batzuek Gabonetako edo bestelako jaiegunetako irteerak antolatzea proposatu dute, baita emakumeen parte-hartzea erraztuko duten egutegi moldagarriagoak ere.