Klub Deportiboko mendizaleak Ekialdeko Pirinioetan izan dira Aste Santuan
Eibarko Klub Deportiboko mendizaleek Ekialdeko Pirinioetara egin dute irteera Aste Santuan eta, Antxon Narbaizak bidalitako kronika irakurrita, egun gogoangarriak bizi izan dituzte:
“Apirilaren 2an, abiatu ginen Frantziako Catalunyan dagoen Marqueixenes herrira. Hamabost lagun izan gara, Pirineo kateko azkenetako mendiak zapaltzen Mediterraneorantz, Canigo ospetsuaren magalean.
Autobus bideko zazpi ordu luzeren ondoren, parajeak ezagutzeko hiru herrixka polit lotu ditugu mendiz: Eus, Arbousolls eta gure ostatu izango den Marqueixenes lotu ditugu, 11 kilometro egin ondoren.
Apirilaren 3an, Sardinyá herria eta Roque aterpetxea lotu ditugu. Azken zatia elurretan egin dugu 1.800 metrotan. Mendi-sokari jarraituz, gainez gain ikuspegi ederrez gozatuz, Villefranche herri zoragarrira heldu gara. Gaurkoak 22 kilometro izan ditu.
Apirilaren 4an, Carançako ‘gorgas’ mendi-zintzurra zeharkatu ondoren (8 kilometroko zubi zintzilikatu, soka eta burdin-maila erreka boteretsuaren gainetik) gorantz jarraitu dugu elur-bidean zehar. Gero, gainez gain El Gendarme harkaitz xuta inguratu dugu eta emeki-emeki irteera lekura itzuli gara jaistaldi luzean zehar 25 kilometroren ondoren.
Apirilaren 5ean, igandea eta Aberri Eguna izanik, Tres Stelles 2100 metrotan datzan tontorra zapaldu dugu. Kranpoien lana ezinbesteko izan da. Jaistaldia Mentet mendatera izan da, bertan genuen autobusa zain. 16 km izan dira oraingoan”.
Apirilaren 6an, Eibarrera itzuli beharrak goiz jaiki eta txango xume bat egitera behartu gaitu. Vernet les bains herri txukuna abiapuntu, XIX.tik terma-lekua dugu herria, hainbat hotel dituela bertan. La Pena (la Peña) mendira igo gara. Jaitsi, bainuetxe inguruko bidezidorrak jarraituz egin dugu, 7 km bidea burutu ondoren”.