Klub Deportiboko pilotariak lehiara itzuliko dira asteburuan
Aste batzuetako atsedenaldiaren ondoren, mugimendu handiko egunak datoz Eibarko Klub Deportiboko pilotarientzat. Asteburu honetan abiatuko da eskuz binakako Udaberri Txapelketa, errendimenduko haur eta alebin mailako jokalarientzat. Horrez gain, kadete, jubenil eta senior federatuek Gipuzkoako 4 t’erdiko txapelketako lehen jardunaldia jokatuko dute, eta aste barruan Debarroko txapelketa historikoan ere parte hartzen jarraituko dute. Hori gutxi balitz, klubeko hainbat pilotari beste hitzordu batzuetan ere ariko dira, Lesakako eskuz banakakoan eta Zaramagako Binakako Torneoan, besteak beste.
Asteburuko karteldegi nagusia ostiralean izango da Astelena pilotalekuan. Arratsaldeko 18:15etik aurrera, sei partida izango dira ikusgai katedralean. Lehen neurketan, Arrieta eta Agote errendimenduko infantilak Errenteriako Eple 1 klubeko bikotearen aurka ariko dira.
Ondoren iritsiko da federatuen txanda. Kadete mailan, Amillategi eta Gil pilotariek Zestoako Izagirre eta Lazkaoko Lapke klubeko Estensoro izango dituzte aurkari. Jubeniletan, Del Rey eibartarra Villabonako Lacarrarekin neurtuko da, eta Segurolak Tolosako Caminosen aurka jokatuko du. Jaialdia ixteko, senior mailan, Narvaiza eibartarrak Zabala hernaniarraren aurka jokatuko du.
Etxetik kanpo ere jardunaldi oparoa izango dute armaginek. Udaberri Txapelketan, Arriola eta Segurola errendimenduzko alebinak Zestoan ariko dira, eta Atxa eta Uriarte Arrasaten lehiatuko dira Behar Zana 2 taldeko Villabonako bikotearen aurka.
Larunbatean beste hainbat hitzordu izango dira: Tolosako Beotibarren, Condek Altunaren aurka jokatuko du; Alegian, 10:30ean, Lizarralde eta Saez haur errendimendukoek kantxaratuko dira; eta Oiartzungo Madalensoron, Amuategi seniorra Aranburu etxekoaren aurka ariko da Gipuzkoako 4 t’erdiko txapelketako lehen jardunaldian.
Asteburua igandean itxiko da, Antzuolan, non Ibarra eibartarrak Etxanizen aurka jokatuko duen.