Klub Deportiboko pilotariek gaur 19:00etan eta bihar 11:00etan jokatuko dute Astelena frontoian

Klub Deportiboko pilotariek gaur 19:00etan eta bihar 11:00etan jokatuko dute Astelena frontoian
2023/12/01 10:08
eta kitto!
Aurreko jardunaldian Oñatin jokatutako hiru partiduetan garaipen erosoak lortu eta gero, Klub Deportiboko hiru kadeteek banakako Gipuzkoako Txapelketako azken jardunaldia dute zain, zirt edo zart egin eta hurrengo fasera pasatuko diren itxaropenez. Errendimenduko infantilek, lehen fasea osatuta, final-hamasegarrenetako partiduak izango dituzte zain oraingoan. Eta seniorrek ere, lehen faseko azken jardunaldira iritsita, Agirresarobek aukera asko ditu bigarrenera pasatzeko.

Horrek guztiak partiduz betetako asteburua ekarriko digu, euretako jaialdi bi Katedralean egoitza izango dutenak. Barixakuan, abenduak 1, 19:00etan hasita, infantil mailakoarekin hasiko da jaialdia, ondoren kadete mailako beste hiru partidurekin. Honakoak jokatuko dira: Gil eibartarra Beristain azpeitiarraren aurka, Urkiaga eibartarra Larramendi azpeitiarraren kontra, Del Rey eibartarrak Rodriguez oñatiarra aurkari duela eta, azkenik, Azpilikueta eibartarrak Zubeltzu zestoarra gainditzen ahaleginduko da. Abenduak 2 zapatukoan, goizeko 11:00etan hasiko den jaialdian bi partidu izango dira ikusgai: infantil mailan, Olaetxea eibartarrak Eizagirre zaldibiarra izango du aurrez aurre, eta kadeteetan, Segurola eibartarra eta Zestoako Mayo izango dira nor baino nor.