Klubaren parte-hartze oparoa izan zen Deporrek antolatutako Bolunburu Memorialean

Klubaren parte-hartze oparoa izan zen Deporrek antolatutako Bolunburu Memorialean
2023/12/20 11:34
eta kitto!
Aurreko domekan Arrateko Olabe kanpan jokatutako Bolunbururen Oroimenezko 72. krosean, betiko lez, benjaminetatik masterretaraino atletak hartzen dituen probak jokatu ziren, bederatzi guztira. Gipuzkoako zirkuitoaren egutegiko proba da Klub Deportiboak antolatzen duena eta, maila absolutoan, etxeko Julen Teran eta Durangoko Garazi Sampedro izan ziren irabazleak. Gizonezkoen proba nagusian Pello Osoro eta Markel Gutierrez eibartarrak ere izan ziren 8.200 metroko zirkuitoan lehiatzen. Teranek 26 minutu eta 12 segundo behar izan zituen helmugaratzeko; Ander Garin tolosarra 16 segundora iritsi zen eta Goierri Garaiako Ruben Torres 47ra; orain dela bi urte bezala irabazteaz gain, Teranek puntu onak lortu zituen Euskadiko selekzioarekin Espainiako kros txapelketan parte hartu ahal izateko. Federatuen mailan guztira berrehun bat atletek hartu zuten parte jokatutako probetan.

Klub Deportiboko ordezkariei begira, 16 urte eta master mailakoen 3.400 metroko lasterketan Nora Martinez, Roberto Gartzia eta Iñigo Trokaolak hartu zuten parte. 18 eta 20 azpiko kategorietan, bestalde, Ugaitz Gartzia, Oihan Lopez eta Eneritz Trebolazabala izan ziren 4.400 metroko distantziakoan parte hartzen.

Eskola-umeei dagokienez, “klubekoek diziplina honen gogortasuna ezagutu eta berarekin gozatzeko aukera ere izan zuten”, diote antolatzaileek. Alebin mailako Lucia Calvo eta Unax Cañorekin batera, haur kategoriako Elene Astigarraga, Naia Kapelastegi, Haizea Magunazelaia, Leire Larrañaga, Malen Anderez, Martina Egaña, Sonia Mendy, Irati Astigarraga, Jone Gerrikagoitia, Enara Urzuriaga, Jare Arzuaga, Arrate Aizpuru, Samantha Villaquirán, Maddalen Arrazola eta Marko Málaga izan ziren parte hartzen.

ARGAZKI GALERIA HEMEN IKUSGAI (Argazkilaria: Fernando Retolaza)
[foogallery id="139280"]