Koldo Zuazoren omenezko ekitaldia eta liburu-ematea egin dira Gasteizen
2020/09/21
13:49
eta kitto!
Koldo Zuazo hizkuntzalari, irakasle eta euskaltzain urgazle eibartarrari omenaldia egin zioten Euskal Herriko Unibertsitateko bere lankide eta lagunek barixakuan Gasteizen. Artikulu-liburu bat ere argitaratu dute, Eibarko Udalaren babesarekin: Eibartik Zuberoara euskalkietan barrena. Hain zuzen ere, liburu horren emate-ekitaldia izan zen Koldori Gasteizko campusean irailaren 18an egin zitzaion omenaldia. Parte hartu zuten hizlari guztiek “Koldoren argitasuna, naturaltasuna, lanerako grina eta jendearekin konektatzeko duen erraztasuna” azpimarratu zituzten eta bereziki goraipatu zuten eibartarrak dialektologiaren alorrean egindako lanaren maila. Jubilatu bada ere, ekitaldian lanean jarraitzeko gonbita egin zioten lankide eta lagunek. Eibartik Zuberoara euskalkietan barrena liburua Juan San Martin liburutegian dago, interesa dutenek eskuratzeko moduan.