Kolorez eta irribarrez bete da Eibarko erdigunea Eguen Zuri egunean
Eguraldia lagun, batez ere bazkalostetik aurrera, era askotako mozorroak ikusi ahal izan ditugu Eibarko kaleetan. Herriko haur, guraso, irakasle eta antolatzaileen lanari esker, giro ezin hobean ospatu da Eguen Zuri eguneko kalejira. Denetariko mozorroak nagusitu dira, giroa aparta izan da eta, argazkiek erakusten duten bezala, etxeko txikienek primeran pasatu dute. Ondoren, musika eta tailerrak izan dira eguna borobiltzeko.
Jai-giroak ez du etenik izango datozen egunetan.
Otsailaren 13an, Barixaku Erregularra, 20:00etan Kaldereroen kalejira egingo da Urkizutik Untzagaraino, eta ondoren, 20:30ean, Aratosteetako pregoia irakurriko da Klub Deportiboko leihotik.
Jairik jendetsuenak otsailaren 14an, Aratoste Zapatua, izango dira. Eguerditik aurrera, Eibarko kaleetan zehar Aratosteetako koadrilen kalejira egingo da Ustekabe eta UK03 fanfarreekin. Untzagan photocalla egongo da eguerdian eta arratsalde-iluntzean, eta arratsaldean puzgarriak jarriko dira Errebal Plazan. 18:30ean txokolatada izango da, eta jarraian umeentzako berbena egingo da Bada Giro taldearekin. Iluntzean, koadrilen kalejira eta taberna eta kartel lehiaketetako sari banaketa egingo dira, eta gauean, 23:30etik aurrera, dantzaldia izango da Untzagan.
Otsailaren 15ean, Aratoste Domekan, goizean kalejira egingo da Usartza Txistulari Bandaren eskutik, eta arratsaldean, 17:00etan, umeentzako playback lehiaketa izango da Untzagan, LH 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendua. 18:30ean DJ Arno ariko da.
Azkenik, otsailaren 17an, Aratoste Martitzenan, umeentzako jolasak antolatuko dira 17:00etatik 18:30era Untzagan, eta ondoren, Sardinaren Entierro Txikia egingo da Jainaga trikitilariak lagunduta.










































