Komedia Fest jaialdiaren bigarren edizioak umorez beteko du Eibar udazkenean

Irailaren 26tik azaroaren 22ra umorezko bederatzi ikuskizun izango dira Coliseo antzokian eta UNI Eibar-Ermuan
Komedia Fest jaialdiaren bigarren edizioak umorez beteko du Eibar udazkenean
Alex Ayresen ‘Ardillas en mi cabeza’ ikuskizunarekin emango zaio hasiera Komedia Fest jaialdiari.
2026/09/21 17:05
Ekhi Belar Errasti

Udazkena umorez eta barrez bizitzeko aukera izango da Eibarren, Komedia Fest jaialdiaren bigarren edizioarekin. Irailaren 26tik azaroaren 22ra egingo dute, eta guztira umorezko bederatzi ikuskizun eskainiko dituzte Coliseo antzokian eta UNI Eibar-Ermuan.

Jaialdia datorren larunbatean hasiko da, irailaren 26an, Alex Ayresen ‘Ardillas en mi cabeza’ ikuskizunarekin. 20:30ean izango da, UNI Eibar-Ermuan. Emanaldi horretan, gainera, jaialdiko lehen teloneroa izango den Sandra Flores umoristak, ‘Josie Asquerosi’ pertsonaiagatik ezagunak, saioa irekiko du.

Egitarauak askotariko proposamenak jasotzen ditu. Urriaren 16an, Juan Carlos Ortegak ‘Las Noches de Ortega’ aurkeztuko du; hilaren 18an, David Domínguezek ‘El raro de los 90’ eskainiko du; eta urriaren 23an, Yunez Chaib izango da ‘En directo’ ikuskizunarekin. Urriaren 25ean, Laura del Valek ‘En mi cabeza sonaba mejor’ taularatuko du Coliseoan.

Urriaren 30ean, Agustín Jiménez eta David Puerto ‘Pan de Gambas’ ikuskizunarekin arituko dira. Azaroaren 14an, Ane Lindane eta Raquel Torresek ‘Despotorre’ aurkeztuko dute Coliseoan; azaroaren 20an, Diego Arjona ‘Divorciarse a los 40’ lanarekin izango da; eta jaialdia azaroaren 22an amaituko da, Mikel Bermejoren ‘Eureka’ ikuskizunarekin.

 

Lehen edizioko datuak gainditzeko helburua

2025eko lehen edizioak 2.547 ikusle bildu zituen, %66,2ko batez besteko okupazioarekin. Gainera, Euskadiko 61 udalerritatik eta zazpi autonomia-erkidegotatik etorri zen publikoa. Aurtengo edizioan kopuru horiek gainditzea, eta jaialdia Euskadiko kultur eta aisialdi eskaintzaren barruan sendotzea da antolatzaileen helburua.

Salmentek dagoeneko utzi dituzte aurtengo lehen emaitzak: Mikel Bermejoren ‘Eureka’ ikuskizunerako sarrerak agortu egin dira, azaroaren 22ko emanaldia baino ia bi hilabete lehenago. Alex Ayresen ‘Ardillas en mi cabeza’ eta ‘Pan de Gambas’ saioetarako, berriz, azken sarrerak baino ez direla geratzen jakinarazi dute antolatzaileek.

 

Sarrerak eta laguntzak

Sarrerak Komedia Festen webgunean daude eskuragai. Rural Kutxaren Gizarte Ekintzarekin egindako hitzarmenari esker, sarrerak eta jaialdiko bonuak erosteko laguntzak ere eskatu ahal izango dira. Bi sarrera erosteagatik 50 euroko laguntza emango dute, eta jaialdiko bono osoa erosteagatik, 75 eurokoa. Laguntzak Rural Kutxako bulegoetan eskatu ahal izango dira abenduaren 31ra arte, pertsona bakoitzeko eta urteko gehienez 75 euroko mugarekin.

Jaialdiak Radio Eibar / SER Euskadiren lankidetza ere izango du aurten, komunikazioa indartzeko eta Debabarreneko zein Euskadi osoko publikoarengana iristeko. Hiru Uhinak Debako hotela izango da, bigarren urtez jarraian, artisten ostatu erreferentea; Helmet House, berriz, jaialdiko kolaboratzaile berria izango da. Eibarko Udalaren eta Kultura Sailaren babesa ere nabarmendu dute antolatzaileek.