“Komunikazioa eta gardentasuna administrazio publikoetan” jardunaldia antolatu du Udalak azaroaren 23rako
Guztira sei hitzaldi eta mahai-inguru bat egingo dituzte, alorrean adituak diren hainbat profesionalen eskutik: Oscar Cortes Abad (Madrilgo Udaleko komunikazio digitaleko koordinatzailea eta Juan Carlos Erregea Unibertsitateko irakaslea), Malen Illarramendi Beitia eta Jone Amonarriz Zubeldia (AZK komunikazio-agentzia), Arantxa Hernandez Lopez (web-orrien irisgarritasunean aditua), Iñaki Gorostiza Esquerdeiro (LIN3S-ko Data Analytics-eko bazkide eta zuzendaria), Goizeder Manotas Rueda (Foru Aldundiko Gobernantza Departamentuko aholkularia) eta Haritz Ugarte Aizpuru (Berrikuntza eta Eraldaketa Zerbitzuko burua), eta Koldobike Uriarte Ruiz de Eguino (Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Publikoko Proiektuen arduradun eta Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kidea).
Jardunaldian, besteak beste, honako gai hauek landuko dira: komunikazio digitala, krisi-egoeren komunikazioa, marka-irudia, webguneen irisgarritasuna, analitika digitala, gobernu ona, gardentasun aktibo eta pasiboa, eta salaketa-kanalak. Ekitaldia sektore publikoko komunikazio-arloko profesionalei eta, oro har, administrazio publikoko langileei dago zuzendua, bai eta komunikazio instituzionalean eta marketinean aditu direnei, komunikazio, kazetaritza edo antzeko graduko ikasleei, edo gaian interesa duten komunikabideei ere. Jardunaldia elebidun izango da, baina entzule guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da.