Bihar amaituko da "Komunikazioa eta Gardentasuna administrazio publikoetan" jardunaldian izena emateko epea
Hilaren 23an egingo da "Komunikazioa eta Gardentasuna administrazio publikoetan" jardunaldia eta izen-ematea bihar arte, azaroaren 16ra arte, egongo da zabalik (Izena emateko formularioa). Aurtengoa bigarren edizioa izango da eta, 2021ean bezala, Coliseon egingo da, 09:00etatik 13:45era. Ekitaldiaren helburua da administrazio publikoek komunikazioaren eta gardentasunaren alorrean egin duten lana ezagutaraztea, eta soluzioak proposatzea era guztietako erakunde publikoetarako. Guztira, 6 hitzaldi eta mahai-inguru bat egingo dira, alorrean adituak direnen eskutik. Jardunaldia streaming bidez ere ikusi ahal izango da Udalaren YouTube kanalaren bidez.
Aurtengo jardunaldian, besteak beste, honako gai hauek landuko dira: komunikazio digitala, krisi-egoeren komunikazioa, marka-irudia, webguneen irisgarritasuna, analitika digitala, gobernu ona, gardentasun aktibo eta pasiboa, eta salaketa-kanalak. Ekitaldia sektore publikoko komunikazio-arloko profesionalei eta, oro har, administrazio publikoko langileei dago zuzendua, eta baita komunikazio instituzionalean eta marketinean aditu direnei, komunikazio, kazetaritza edo antzeko graduko ikasleei, edo gaian interesa duten komunikabideei ere.
Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan, “duela bi urtera arte oso gutxi ziren administrazio publikoetan halako jardunaldi edo kongresuak, eta are gutxiago tokiko erakundeetan. Horregatik, 2021ean lehen jardunaldia antolatuta —esparru horretan Euskadin egin zen lehena—, Eibarko Udalak urrats bat harago egin nahi izan zuen eta bozgorailu gisa jokatu, era guztietako erakunde publikoei komunikazio instituzionalarekin, gardentasunarekin eta gobernu onarekin lotutako alderdiak helarazteko”.Eta zera gehitu du: “Bigarren edizio honekin, jarraipena eman nahi diogu ekimenari, eta, beste behin, aukera aprobetxatu irtenbideak ematen jarraitzeko, balio-edukia sortzeko eta beste erakunde batzuen inspirazio iturri izaten saiatzeko”.
6 hitzaldi eta mahai-inguru bat egingo dira, alorrean adituak direnen eskutik
Jardunaldiaren egitaraua sei hitzaldik osatzen dute eta hizlariak komunikazio korporatibo eta instituzionalean, marketin digitalean eta gobernu onean diharduten profesionalak izango dira. Amaieran mahai-inguru bat egingo da hitzaldi bakoitzaren ideia nagusiei buruzko azterketa eta hausnarketa egiteko. Jardunaldi osoan aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da, bertaratzen direnentzat zein ekitaldia streaming bidez jarraitzen dutenentzat, Udalaren YouTubeko kanalean.
Ekitaldiaren inaugurazio ofiziala 9:00etan izango da, Jon Iraola Eibarko alkatea, eta Ana Telleria Gobernu Irekiko Ordezkaritzako arduraduna buru direla. Ondoren, Óscar Cortés Abad Madrilgo Udaleko komunikazio digitaleko koordinatzaile eta Juan Carlos Erregea Unibertsitateko irakasleak lehen hitzaldia emango du, “Pandemia osteko komunikazioa: krisi-egoeren plangintza eta kudeaketa” izenarekin. Hitzaldia gaztelaniaz izango da eta 9:15ean hasiko da gutxi gorabehera.
Ordu erdi geroago, 09:45ean, AZK komunikazio-agentziako Malen Illarramendi Beitiak eta Jone Amonarriz Zubeldiak, bezeroen kudeaketan eta marka-irudian adituek, bigarren hitzaldia emango dute, euskaraz, “Marka-irudiaren sorrera, eguneraketa eta kokapena administrazio publikoetan” izenarekin.
Arantxa Hernández Lópezek, web-orrien irisgarritasunean adituak, “Web-orri eta aplikazio instituzionalen sorrera: irisgarritasuna herritar guztientzat” izeneko hitzaldian soluzioak emango ditu webgune irisgarriagoak eta ulergarriagoak egiteko.
Hitzaldia gaztelaniaz izango da eta 10:15ean hasiko da.
Kafea hartzeko eten labur baten ondoren, 11:15ean, Iñaki Gorostiza Esquerdeiro LIN3S-ko Data Analytics-eko bazkide eta zuzendariak hitzaldia emango du gaztelaniaz honako izenburuarekin: “Neurtzea, aztertzea eta erabakiak hartzea online sektore publikoko datuetan oinarrituta”.
Komunikazio instituzionalari eta marketin digitalari buruzko hitzaldien lehen blokearen ondoren, gardentasunaren eta gobernu onaren alorrari ekingo zaio, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako profesionalen eskutik.
Foru Aldunditik, Goizeder Manotas Rueda Gobernantza Departamentuko aholkularia eta Haritz Ugarte Aizpuru Berrikuntza eta Eraldaketa Zerbitzuko burua etorriko dira, gobernu onarekin eta salaketen kanalekin lotutako gaietan duten ikuspegia eta esperientzia ezagutaraztera. Salaketa-kanalek 2/2023 Legean dute oinarria (otsailaren 20koa, arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babestea arautzen duena). Hitzaldia euskaraz emango dute eta izena hauxe izango da: “Gobernu ona, zuzentasun-sistema eta salaketen kanala Gipuzkoako Foru Aldundian” eta 11: 45ean hasiko da.
Seigarren eta azken hitzaldia Koldobike Uriarte Ruiz de Eguino Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Publikoko Proiektuen arduradun eta Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kideak emango du gaztelaniaz, 12:15ean, izenburu hau izango duen solasaldi batekin: “Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: eskaerak izapidetzetik kudeaketarako talde kualifikatuak finkatzeraino. Erronka nagusiak”.
Azkenik, programa amaitzeko, mahai-inguru bat egingo da, non jardunaldiko hizlari guztiek hausnarketa bat egingo duten jardunaldian jasotako ideien eta gaien inguruan, eta etorkizuneko erronken inguruan. Mahai-ingurua eta jardunaldia Oihane Mateos kazetari eta aurkezleak gidatuko du.