“Konponbideari erasorik ez. Atxilotuak askatu!” elkarretaratzea deitu dute gaur arratsalderako
Goizean Guardia Zibilak egindako atxiloketen harira elkarretaratzea deitu dute gaurko (astelehenerako, hilaren 12rako), "Konponbideari erasorik ez. Atxilotuak askatu!" goiburuari jarraituta, 19.30etan Untzagan. Herrira-ko kideekin batera, atxilotutako gehienak abokatuak dira eta tartean Ainhoa Baglietto eibartarra dago. Elkarretaratzerako deialdiarekin batera LAB sindikatuak idatzitakoari jarraituta, "LABetik gogor salatu nahi dugu gaur goizetik Espainiar Estatuak abian duen operazio errepresiboa. Guardia Zibilak 16 euskal herritar atxilotu eta egoitza ezberdinak miatze lanetan ari da, LABeko Bilboko egoitza tarteko. Egoeraren larritasunak gogoeta pausatu eta sakonago bat eskatzen badu ere, premiazko lehen erreakzio moduan salatu nahi dugu gaurko operazioak, beste behin ere, estatuaren izaera errepresibo eta antidemokratikoa argi eta garbi erakusten duela. Honekin batera, LABek euskal langileei dei egiten die atxilotutako herritarren askatzea eta estatuaren jokaera salatzeko deitutako mobilizazioetan parte hartzera".