Kontsumo arduratsuaren irudi, garapen jasangarriaren eredu

Kontsumo arduratsuaren irudi, garapen jasangarriaren eredu
2018/05/08 14:11
eta kitto!
Jaio, erosi, hil. Kontsumismoaren gizartean bizi gara, kontsumismoak inguratzen gaitu eta zaila da (edo ezinezkoa) kontsumitu gabe bizitzea. Jakiak, erropak, gailuak, energia, bankuko dirua... aukera ugari ditugu zer eta nola kontsumitu nahi dugun erabakitzeko, eta erabaki horrek modu batean edo bestean eragin dezake gizartearen eta munduaren garapenean. Egoaizia Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) eibartarrak kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du eta hainbat ekintza antolatu ditu maiatzean gai horren inguruan, tartean argazki lehiaketa.

 

Argiak itzali argirik behar ez dugunean, txorrua itxi dutxan jaboia igurtzen dihardugunean, supermerkatura poltsa berrerabilgarriak eraman, gauzei bizi berria eman, etxeko txikiei birziklatzen irakatsi, ‘0 kilometroko’ produktuak erosi, kotxea partekatu, energia berriztagarriak erabili, produktuen etiketak begiratu erosi aurretik (agroekologikoak, jasangarriak, bidezko merkataritza...)... hainbat gauza egin daitezke kontsumo arduratsuaren alde, denon (edo askoren) esku dauden ekintzak. Egoaiziak akzio guzti horiek eta kontsumo arduratsuaren inguruko salaketa, aldarrikapen eta ereduzko ekintzak irudikatu nahi ditu lehenengo aldiz antolatu duen argazki lehiaketan.

Maiatzaren 13an eta ekainaren 3an Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna eta Ingurugiroaren Nazioarteko Eguna ospatuko dira, hurrenez hurren. Lotura duten bi egun, kontsumo arduratsuak batean eta bestean eragina duelako. Horregatik, Egoaiziak hainbat ekintza antolatu ditu. “Ekainaren 3an kontsumo arduratsuaren inguruko hirugarren azoka antolatuko dugu, baina aurretik kontsumo arduratsuaren lehen argazki-lehiaketa antolatu dugu herritarren parte hartzea sustatu eta gai honen inguruan duten ikuspegia partekatzeko”, adierazi digu Alaia Berriozabal Egoaiziako kideak. “Denok gara kontsumitzaileak eta norberak duen boterea aprobetxatzea da asmoa. Gainera, bakoitzak kontsumo arduratsuaren inguruan duen ikuspegia jakiteko balio izango digu lehiaketak”.

Ikuspegi zabala dago kontsumo arduratsuaz ari garenean. “Bidezko merkataritza kontsumo arduratsuaren zati bat da, baina ez da hori bakarrik”. Gure egunerokoan egiten ditugun hainbat ekintza zehazten ditu Berriozabalek, edozein kontsumo jarduerak eragina duelako. Nola kontsumitu, hori da gakoa. “Zer kontsumitzen dugun jakin behar dugu, kontzienteak izan behar dugu eta kontsumitzen dugunarekin zer bultzatzen dugun jakin behar dugu”. Izan ere, Berriozabalen berbetan istorio bat dago kontsumitzen ditugun gauzen atzean eta horiek jakitea edo, gutxienez, nolakoak izan daitezkeen irudikatzea berebizikoa da.

 

Produktuen B aldea

Produktuen atzeko istorioa, atzeko aldea, alde iluna. Kontsumitzaile askok informazio gosea daukate, zer kontsumitzen duten jakin nahi dute eta horren eskubidea aldarrikatzen dute (eta lortu dute, neurri batean). Hazi egin da etiketen presentzia hainbat produktutan. Produktuen edukia, jatorria eta bestelako zehaztapenak agertzen dira letra txikian, baina liburu bat beharko litzateke produktu askoren atzeko istorioak ezagutzeko.

Gaur egungo gizartean gailentzen den kontsumo eredua eta garapen ekonomikoaren eredua ez dira jasangarriak Berriozabalentzat. “Ez ingurugiroaren ikuspuntutik (aztarna ekologikoa, klima-aldaketa...), ezta arlo soziala kontuan hartzen badugu ere”. Lehen Munduko kontsumo erritmoak planetari eragiten dion kaltea azpimarratzen du Egoaiziako kideak eta kontsumitzen ditugun produktu gehienen ekoizleek eragiten dituzten kalte sozialak azaleratzen ditu. “Enpresa handiak, multinazionalak, zerga-tasa baxuenak eta justizia bigunenak dituzten herrialdetara joaten dira euren produktuak ekoiztera, eta horrek sortzen duena kontuan hartu behar dugu”.

Enpresa handiak, multinazionalak, berba handiak kontsumitzaile arrunt batekin alderatuz, baina Berriozabalen iritziz, “pentsatzen duguna baino askoz gehiago dago gure esku”. Gauza txikiak izan daitezke, eguneroko ohitura txikiak aldatzea edota jokabide arduratsuagoak hartzea. “Hainbat pauso eman daitezke gure esku dauden erabakiak kontsumo arduratsuaren alde hartzeko”. Adibidez, erosi nahi dugun produktu hori benetan beharrezkoa den edo ez pentsatzea, edo etxean daukagun beste edozer gauza birziklatu edo berrerabiltzea. Pauso txikiak, baina kontsumo arduratsuaren bidean emandako pausoak. “Bestetik, umeei ohitura onak irakatsi behar zaizkie; erosketak egitera supermerkatu handi batera joan gaitezke edo etxe alboan daukagun dendara; eta produktu lokalak, baserrikoak, ‘0 kilometrokoak’... kontsumitu ditzakegu, Zeelanda Berritik kiwi bat ekarri beharrean”.

 

Sari sozialak

Argazki lehiaketan parte hartzen dutenek euren egunerokoan bizi dutena irudikatzeko aukera izango dute. “Adibidez, zabor organikoaren ontzi bat betetzen dudan bakoitzean plastikozko bi ontzi betetzen baditut, plastiko gehiegi erabiltzen dugula salatu dezaket. Eta alderantziz, ekintza egokiak edo eredugarriak irudikatu daitezke jarduera egokiak sustatzeko”. Jendearen kontsumo ohiturak ikusarazi eta bultzatu nahi dira egitasmo honekin, izan ere, lan asko dago egiteko kontsumo arduratsuaren inguruan, baina Berriozabalek uste du jendeak gero eta kontzientzia gehiago duela gai honen inguruan.

Egoaiziak kontsumo lokala, agroekologikoa, bidezko merkataritza eta banku etikoa bultzatzen ditu. Fiare banku etikoko kideak dira eta ohiko kontsumo aukeretatik kanpo dauden beste baliabide batzuen berri ematen dute. “Energiari dagokionez, adibidez, Goiener eta antzeko kooperatibak daude, eta berdin beste kontsumo arlo batzuetan”. REASeko (ekonomia alternatibo eta solidarioen sarea) kidea da Egoaizia. Finantza etikoa, merkataritza soziala, bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua, elikadura subiranotasuna... horiek dira REASen oinarriak eta hainbat erakunde, kooperatiba eta taldek osatzen dute. “Era askotako hornitzaileen zerrenda dago. Egoaiziak, adibidez, webgunea berrituko du eta zerrenda horretara joko dugu bertako erakunde batek lana egiteko. Sare horretan egoteak berme bat ematen du”. Badaude alternatibak ohiko kontsumo ohituretatik aparte, baina Berriozabalek onartzen du errazagoa dela esku-eskura dagoena kontsumitzea (supermerkatu handiak, interneteko denda erraldoiak...). “Guk proposatzen duguna ez da kontsumo errazena, baina kontsumitzeko beste alternatiba bat da”.

Argazki lehiaketaren sariak ere bide horretan doaz. Ez dira milaka euro banatuko argazki irabazlearentzat, ez dira luxuzko bidaiak oparituko. “Kontsumo arduratsua bultzatu edo bizitzeko esperientziak eskainiko ditugu”. Kontsumo arduratsuaren inguruan sentsibilizatzea da helburua eta sariek logika hori jarraitzen dute. “Zertarako banatu mila euroko saria? Berriz ere kontsumo-joera horretan sartzeko?”. Hori bai, Berriozabalek argitzen du eurak ez daudela kontsumitzearen aurka. “Guk ez dugu esaten kontsumitzea txarra denik, jakin behar duguna da zer kontsumitzen dugun”. Izan ere, norberaren kontzientziaz gain, gauza garrantzitsuak daude jokoan. “Gure garapena gure ekintzen araberakoa izango da”.