Koreako kultura, sukaldaritza eta musikari eskeinitako jaialdia ospatuko da irailaren 9an
Dantza ezagutzeko interesa duten guztiei zuzendutako topaketa izango da eta Coliseoko ikuskizuna zuzenean jarraitu ahalko da, asmo horrekin Errebal Plazan jarriko duten pantailan. Topaketa 16:00etan hasiko da, Coliseon proiektatuko duten “El Corazón de los Esports” dokumentalarekin. Ordubete geroago, 17:00etan, inaugurazio ofiziala egingo da, Eibarko alkatearen eskutik eta, jarraian, Austin Pak, One Million Seoul dantza eskolako irakasleak hartuko du parte. Hego Koreako dantza-maisu handia da bera eta, gainera, mundu mailan ezagunena den K-Pop bandako kidea ere bada (K-Pop terminoa Koreako pop musika ospetsu guztiari erreferentzia egiteko erabiltzen da, eta askotariko musika generoak hartzen ditu bere baitan, pop dantza, tekno, rock, hip-hop eta R&B, besteak beste).
Ondoren, 17:15ean, K-Pop cover lehiaketa egingo da, Euri dantza taldearen eskutik. Hiru ordu baino gehigoko iraupena izango duen cover-lehiaketaren ondoren, Hallyu delakoari buruzko mahai-ingurua eta elkarrizketa egingo dira. Bertan adituek eta protagonistek hartuko dute parte, “besteak beste, ezagutzera emateko zer dagoen industria kultural eta entretenimenduzko oparoenetako bat duen herrialdeko kameren atzean”.
Topaketari amaiera emateko, agur festa edo afterparty irekia egingo da: K-Pop musikarekin dantzatu eta giroa girotzeaz gain, Koreako sukaldaritzak protagonismo berezia izango du eta bertan herrialde horretako produktu gastronomiko tipikoak dastatu ahal izango dira.
Ekitaldia doakoa izango da, baina cover dance lehiaketan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena, eta berme ekonomiko bat ordaindu (ondoren itzuli egingo zaie). Ekimenaren enpresa sustatzaileak bere kanal ofizial eta sare sozialen bidez emango ditu ezagutzera izena emateko epeak eta bideak.