Kriminalitatearen hazkundearen aurrean zenbait neurri hartu ditu Udalak

Garajeetan eta trastelekuetako lapurretan hazkunde nabarmena eman da, beste delituetan beherakada egon delarik
Kriminalitatearen hazkundearen aurrean zenbait neurri hartu ditu Udalak
2025/03/06 13:45
eta kitto!

Jon Iraola alkateak, Julen Saldias Udaltzaingoaren buruak eta Guillermo Argente Udaltzaingoaren buruordeak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean 2024an Eibarren eman den kriminalitatearen hazkundearen inguruko azalpenak emateko. “Eibarren errealitate berezia ematen da”, alkatearen hitzetan. Izan ere, delitu gehienetan beherakada egon den arren, lapurreta txikietan eta indarra erabiliz egindako lapurretetan hazkunde nabarmena egon da.

Lapurreta txikiei dagokienez, 2023ko 376 intzidentzietatik 436etara igaro gara 2024an, hau da, % 16ko igoera egon da. Etxebizitzetan, establezimenduetan eta bestelako instalazioetan indarra erabiliz egindako lapurretei dagokienez, 2024an 270 lapurreta egin ziren. Era berean, etxebizitzetako, garajeetako eta trastelekuetako lapurretak direla-eta, 199 intzidentzia egon ziren (2023an 123 izan ziren), horien % 85 garaje eta trastelekuetan (175 guztira), eta % 15 etxebizitzetan. Horrez gain, iazko urtearekin alderatuta, etxebizitzetan egindako lapurretak % 17 jaitsi dira (2023an 35 izan ziren eta 2024an 24).

 

Hiru edo lau lagunen delitu-jarduera

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, delinkuentzia-hazkundearen zati handi bat hiru edo lau pertsona konkreturen delitu-jarduerarekin dago lotuta. “Badakigu nortzuk diren”, azpimarratu dute, baina era berean, onartzen dute zaila egiten zaiela garaje eta trastelekuetako lapurretak antzematea, eta horregatik hainbatetan harrapatu ez dituztela. “Gainera, aldi batean hainbat garaje edo trastelekutan egiten dituzte lapurretak, eta horregatik hazi da hainbeste kopurua”, azaldu dutenez.

Udaltzainen berbetan, delitugile berberak dira lapurretan aritzen direnak eta, adibidez, 2024an 76 aldiz eraman zituzten epailearen aurrean, “baina justiziaren erantzuna motz geratzen dela argi dago”, Iraolaren berbetan. Gauzak horrela, "pertsona kopuru txiki baten jarduera kriminala, gure kasuan gertatzen den bezala, nahikoa izan daiteke herriko estatistikak nahasteko; izan ere, haien jarduerarekin lotutako kriminalitatearen koiunturazko hazkundea islatzen du, eta pertsona horiek lapurtzeari utzi, espetxean sartu edo herria uzten dutenean beherakada egoten da”, gehitu du.

Udalaren arabera, pertsona horien legez kanpoko delituen oinarrizko tipologia zera da: “Saltokietan lapurreta txikiak eta garaje eta trastelekuetan egindako lapurretak”. Gaineratu dute hiru-lau lagunak Eibarren bizi direla eta batzuetan bakarka eta besteetan taldeka egiten dituztela lapurretak, normalean gauez, baina zehaztu dute horietako batek egiten dituela lapurreta gehienak (38 aldiz eraman dute epaitegira). “2023an agertu zen Eibarren, baina badakigu egon izan den toki guztietan duela lapurreta-historiala”, argitu dute Udaltzainek.

 

“Ez da hiri arriskutsua”

Iraolak testuinguruan jarri nahi izan ditu emandako datuak, Eibarko datu orokorrek bilakaera positiboa adierazten dutela azpimarratuz. “Eibar ez da hiri arriskutsua eta lapurrak ez dira etengabe etxeetan sartzen ari”, bere berbetan. “Badakigu datuek ikara sortu dezaketela, baina datuek azalpen bat dute eta hori adierazi nahi dugu. Arazoari helduko diogu eta horretarako neurriak hartu ditugu, baina aipatu behar da Eibarko delinkuentzia-datuak ohiko parametroen barruan sartzen direla eta gure inguruko datuen antzerakoak direla”.

Zentzu horretan, horrelako datuak eskaini dituzte: “2024an ez zen inolako hilketarik gertatu Eibarren, lesio-delituak % 23,7 jaitsi ziren, 38tik 29ra; sexu-askatasunaren aurkako delituak % 50, 18tik 9ra; eta indarkeriaz eta intimidazioz egindako 20 lapurreta gertatu ziren, 2023ko kopuru bera. Era berean, ibilgailuetan egindako lapurretek % 75eko beherakada izan zuten 2024an, 2023an baino % 12 gutxiago, eta droga-trafikoagatiko delituek % 6 egin zuten behera, 2023an 17 izatetik 2024an 16 izatera igaro baitziren. Ziberkriminalitatea ere % 6,5 jaitsi zen”.

Bestelako intzidentzieri dagokienez, aipatu dute herritarren kexa gehienak zaratekin eta bestelako elkarbizitza arazoekin zerikusia dutela. Borroken inguruan galdetuta, gaur egun orain arte eman diren ohiko zifrak ematen ari direla esan dute. Eta hiri barruko radarren inguruan adierazi dute “ondo funtzionatzen” dutela, iaz multetan 100.000 euro inguru eskuratu zituztelarik.

 

Hartutako neurriak

Kriminalitatearen hazkundearen aurrean zenbait neurri hartu dituztela jakinarazi du Udalak. Gainera, herritarren parte-hartzea berebizikoa dela azpimarratu dute. “Ezinbestekoa da herritarren kolaborazioa. Udaltzaingoa 365 egunetan 24 orduz dago euren zerbitzura eta eurek eskainitako informazioa beti da baliagarria guretzat. Gero eta informazio gehiago eduki, are eta hobeago jardungo dugu, batez ere delitu txikiei dagokienez”, Argenteren berbetan.

Neurrietako bat trafiko-kamerak jartzea izango da, 450.000 euroko aurrekontua duen partidarekin. “Alde batetik, ibilgailuen joan-etorria ezagutzeko, eta, bestetik, segurtasuna indartzeko eta polizia-eraginkortasuna hobetzeko delituak saihesteko eta jazartzeko xedez”, Udaltzainen hitzetan. “Horrek ez du esan nahi Eibar Anai Handia bihurtuko denik, herritarrenganako erabateko kontrola egongo denik, ezta delitu guztiak horrekin amaituko direnik, baina garrantzitsua iruditzen zaigu herrian sartzen eta irteten diren autoen kontrola edukitzea”.

Beste neurri bat kaleetan oinez dabiltzan Udaltzainen presentzia indartzea izango da, baita patruilena ere, batez ere gauez, bizilagunek haien gertutasuna antzeman dezaten eta, horrela, herriko segurtasun-pertzepzioa hobetu dezaten.

Auzozainen figura berreskuratuko dute eta lau agente arituko dira lan horretan. “Herritarrek asko estimatzen dute figura hori, gertutasunagatik eta aukera ematen dielako zuzenean eta aurrez aurre segurtasun-arloko kezkak helarazteko, baina baita beste eremu garrantzitsu batzuetan ere, hala nola hiri-mantenimenduan”, azaldu dutenez

Hemendik hilabete batera gutxi gorabehera salaketak jasotzeko aukera emango du Udaltzaingoak, herritarrekin komunikazioa errazteko eta aukera gehiago emateko asmoz. Gainera, herritarrei zuzendutako komunikazio-eta gertutasun-kanpainak jarriko dira martxan, esaterako, segurtasunaren inguruko hitzaldiak eta antzerakoak.

Azken neurriak Ertzaintzarekin dagoen elkarlana indartzearekin du zerikusia. Izan ere, “Eibarko Ertzainetxearekiko koordinazioa eta lankidetza hobetu nahi da, baita zenbait jarduketatan elkarrekin lan egin ere. Horrek kalean agente gehiago egotea ekarriko du, eta segurtasun handiagoa kaleetan”, Udaltzainen berbetan.