LAB sindikatuak Eibarren egingo du Maiatzaren Leheneko manifestazioa
Gaur (eguaztena, hilak 23) Untzagan agerraldia egin dute LAB sindikatukoek, datorren astean Maiatzaren Lehenaren harira antolatutakoak ezagutzera emateko. "Euskal Herriko beharginok hemen bizi eta lan egiten badugu lan harremanak, eredu ekonomikoa, politika industrial eta sozialak eta gure bizitzetan eragiten duten erabaki guztietan parte hartzeko eta hemen erabakitzeko eskubidea" aldarrikatzearekin batera, 2008az geroztik gure eskualdeko langabezia tasa bikoiztu egin dela gogoratu dute. Gauzak horrela, datorren asteko eguenean 12.00etan eskualde mailako manifestazioa abiatuko da Untzagatik; hori amaituta, 13.00ean ekitaldi politiko sindikala hasiko da eta 15.00etan herri bazkaria egingo da. Bazkarirako tiketak LAB-eko egoitzetan eros daitezke (943820489 / 943797408).