Laboral Kutxa UCIko taldeei nagusitu zitzaien Arraten

Iurani Blanco izan zen irabazlea eta Usoa Ostolaza sartu zen helmugan bigarren tokian
Laboral Kutxa UCIko taldeei nagusitu zitzaien Arraten
2024/05/27 17:11
eta kitto!

Laboral Kutxa taldeak lasterketa bikaina egin zuen Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako Eibar Hiria Sari Nagusiaren seigarren edizioan, Arrateko helmugan bertako bi txirrindulari helmugaratzen lehenak izateraino. Azitaingo poligonotik gora egindako igoerak bizigarri ezin aproposagoa izan zen ikuslearentzat, tarte horretan dauden aldapak ez direlako nolanahikoak; horrez gain, buruan zihoazen txirrindularien arteko gorabeherek asko edertu zuten probaren amaiera.

Zarautzetik bueltan, Debako irteeran osatu zen bost laguneko ihesaldiak minutu bateko aldea lortu zuen azken igoeraren hasierarako, eta horren amaierari interes bereziagoa eskaini zion, ikusteko zegoen-eta faboritoen atzeko multzokoek gai izango ziren tarte hori neutralizatzeko. Azkenean boskote horretako Iurani Blanco izan zen indartsuena, eta atzetik zetozenen artean Usoa Ostolaza irabazlearen taldekidea izan zen onena. Beraz, Blanco eta Ostolazak (2 segundoko tartea euren artean) plenoa egin zuten Laboral Kutxarentzat, euren taldeko buru bezala zetorren Ane Santestebanek 9. postuan amaitzeko.