Lambretta motorren topaketa egingo da asteburu honetan Eibarren

Lambretta motorren topaketa egingo da asteburu honetan Eibarren
2023/07/07 18:19
eta kitto!
Asteburuan egingo da Lambretta motorren topaketa Eibarren, hemezortzigarrenez, Lambretta Klubeko kideek antolatuta. Bi egunetarako, zapatu eta domekarako plana prestatu dute. Bihar goizean goizetik entzungo dira motorzaleen motor-hotsak herriko kaleetan, topaketarako izena eman dutenek akreditazio bila Untzagara joango baitira 10:00etatik aurrera. Beti bezala, eguerdiko kalejira hasi arte, Untzagan era guztietako Lambrettak ikusteko aukera ederra izango dute zaleek. Eibarko kaleetan gora eta behera ibili eta gero, kostalderuntz abiatuko dira, Bergara, Zumarraga, Azkoitia, Zumaia, Itziar, Deba, Eibar... zeharkatuz eta, ondoren, Eibarrera bueltatuko dira, Azitaingo Arriarte jatetxean bazkaltzeko. Beti bezala, bazkalostean bazkide batzuk omendu eta sariak banatuko dituzte eta, arratsaldean, 18:30etik aurrera, motorren erakusketa egingo dute, Untzagan. Eguna biribiltzeko, topaketara joandakoek afari-merienda egingo dute Koskor tabernan. Domekarako plana apur bat lasaiagoa izan ohi da: goizeko 10:00etan elkartu eta eskualdean zehar ibiliko dira motorzaleak. Hori bai, hamarretakoa eta bermuta hartzeko tartea izango dute, bazkaltzeko orduan datorren urtera arte agur esan aurretik.