Langileen eskubideen aldeko borrokak kaleak hartuko ditu Maiatzaren Lehenean
Orain arte manifestazioak eskualdeka egiten zituen LAB sindikatuak ere nazio mailako manifestazioa deitu du, aurten 50 urte betetzen dituela-eta, aurtengo Maiatzaren Lehena berezia izatea nahi dutelako. Horregatik Iruñean ospatzeko deialdi nazionala egin dute, Eskubideak. Burujabetza. Eraldaketa lelopean. Sindikatuko buruen berbetan, “borroka eta jai giroa uztartuz, nazio manifestazioa egingo dugu Iruñean, 11:30ean Gazteluko plazatik abiatu eta Anaitasunaraino. Ondoren, bertan, ekitaldia eta egun beteko jaialdia izango dugu. LABen komunitatea eta LABen lagunak elkartzeko eguna izango da”. Eskualdetik bertara joan nahi dutenentzat autobusak antolatu dituzte: Eibartik 09:10ean irtengo da, Errebaletik, eta buelta 20:00etan izango da. LAB-etik esan dutenez, “mende erdiko ibilbidearekin, LAB langile guztien etxea da, borrokarako tresna, erreferentziazko sindikatua euskal langileriarentzat. Sindikatuak defendatutako ideietako asko nagusi bilakatu dira euskal sindikalismoan: izaera soziopolitikoa, kontraboterea, independentismoa, sindikalismo feminista, sindikalismo antirrazista. Guztiak beharrezkoak, bizi dugun krisi sistemikoari aurre egiteko”.
Antolatu, borrokatu, irabazi lelopean ospatuko du ELAk aurtengo Maiatzaren Lehena. Sindikatuko ordezkarien arabera, lau gai nagusik laburbiltzen dute gaur egungo egoera sozioekonomikoa: enpresen etekinak handitu dira; langileen lan eta bizi baldintzek okerrera egin dute (erosteko ahalmenaren galera, zerbitzu publikoen okertzea, etxebizitza, prekarietatea...); gobernuen konplizitatea; eta ezker instituzionalaren oposizio eta proposamen alternatiboen falta. Horren aurrean, bestelako politika publikoak defendatzen dituzte: “Patronalaren interesen eta bo- tere ekonomikoen kontrako borroka politiko, sozial eta sindikala egitea da aldaketa soziala lortzeko jarrera koherente bakarra. Ezkerreko espazioetan adostasunak lortu beharko lirateke, egungo politikei aurre eginez, alternatiba sozial, feminista eta ekologista bat defendatzeko". Horrela, Bilbon (11:30ean Jesusen Bihotza) eta Iruñean (11:30ean Gurutzeko plaza) egingo diren manifestazioetarako dei egin du ELA-k.
Eta, azken urteotan egindakoaren bidetik, CCOO Euskadiko Langile Komisioak eta UGT-Euskadik deialdi bateratua egin dute Maiatzaren Lehenerako. Enplegu betearen alde: lanaldi laburragoa, soldata hobeak goiburuari jarraituta, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte: Bilbon, 11:30ean abiatuko dira, Jesusen Bihotzetik; Donostiako mobilizazioa 12:00etan hasiko da, Alderdi Ederren; eta Gasteizen 12:00etan irtengo dira, Ama Zuriaren plazatik.
Aipatutakoez gain, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere mobilizazioa deitu du Langileen Nazioarteko Egunerako: Bilboko Jesusen Bihotzetik hasiko da EHKSk deitutako manifestazioa, 13:00ean. Badago alternatiba. Langile boterea eraiki lelopean egin dute deialdia,“instituzioetako fartsatik harago alternatiba erreala badagoela adierazteko. Langile boterearen eraikuntza”. Diotenez, “ezinbestekoa da langileon alderdi independentea eraikitzea eta enpresariekiko eta politikari profesionalekiko independentziaz aritzea”.