Lapurrak sartu dira Eibarko Gaztetxian eta hainbat kalte eragin dituzte bertan
Sare sozialen bitartez salatu dutenez, asteburu honetan Eibarko Gaztetxiak eraso bat jasan du, “beste behin”. Gaztetxetik adierazi dutenez, “terrazako leihoak eta tailerreko atea apurtu dituzte, zapatuko jaialdirako genuen alkohola eta erremintak lapurtu dizkigute, eta Gaztetxia kaltetu egin dute. Azkenengo asteetan Pintor izena duen grafiteroaren piezak agertu dira, gaztetxeko kideen artean egindako muralak tapatuz, eta espazioa zikinkeriz beteta lagata”.
Ez da Eibarko Gaztetxian horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia; beste batzuetan ere edariak lapurtu eta gauzak hondatu dizkiete, sarritan ekitaldiren bat edo kontzertuak antolatu izan dituztenean, horiek ospatu baino pixkat aurretik. Hala ere, zapaturako antolatuta zegoen Amianto Fest jaialdiarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten, eta aurreikusita zegoen bezala ospatu zuten, “inoiz baino indartsuago”.

