Lapurretak egin izanaren bi susmagarri atxilotu ditu Udaltzaingoak, eta horietako bat kartzelara sartu dute

Zapatu goizaldean Ertzaintzarekin batera egindako operatiboan, udaltzainek lapurreta bat saihestu zutela azpimarratu du alkateak.
Lapurretak egin izanaren bi susmagarri atxilotu ditu Udaltzaingoak, eta horietako bat kartzelara sartu dute
2025/09/23 17:38
eta kitto!

Eibarko Udaltzaingoak izandako erreakzio azkarrari esker, zapatu gauean lapurreta bat saihestu zela jakinarazi du gaur Udalak. Azaldutakoaren arabera, “zapatuan, goizaldeko 04:30ean, agenteek lapurretak eta ebasketak egin izanaren susmagarri bi harrapatu, identifikatu eta erregistratu egin zituzten”. Ertzaintzarekin batera egindako operatiboan, susmagarriak atxilotu egin zituzten, indarra erabilita lapurretak egitea leporatuta, eta lapurtutako bizikleta bat berreskuratu zen”. Atxilotuetako bat kartzelara sartu dutela jakinarazi dute.
Ikuskaritzan, agenteek gertuko zakarrontzi batean bi sarraila-zilindro aurkitu zituzten, baita sasi artean abandonatutako bizikleta bat ere. Ondoren, patruila bera konturatu zen hainbat garaje zabalik zeudela edo sarraila-zilindroak behartuta zituztela. Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “berehala eman zitzaien horren berri jabeei, eta haietako batek egiaztatu zuen bizikleta falta zitzaiola, hain zuzen ere, agenteek berreskuratu zutena”.
Alkateak esku-hartze honen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “eta publikoki onartu gure Udaltzaingoaren lan bikaina, oraingoan ere profesionaltasuna eta hurbiltasuna erakutsi dute-eta”. Azpimarratu duenez, “Ertzaintzarekin lankidetzan aritzea funtsezkoa da Eibarren segurtasuna bermatzeko”. 
Ildo horretan, eta segurtasuna areagotzeko asmoz, Udalak neurri berriak hartuko dituela esan du Iraolak: “Aurten trafiko-kamerak jartzen hasiko gara, joan-etorrien berri zehatzagoa izateko eta segurtasuna hobetzeko. Eta auzozainen figura ere berreskuratuko da, udaltzainen presentzia auzoetan areagotzeko funtsezkoak dira eta”.