Larriki gaixorik dauden presoak gogoratzeko manifestazioa egingo da gaur, 19:30ean Untzagatik hasita

Larriki gaixorik dauden presoak gogoratzeko manifestazioa egingo da gaur, 19:30ean Untzagatik hasita
2021/04/30 08:40
eta kitto!
Espetxean larriki gaixorik dauden presoak gogora ekartzeko manifestazioa egingo da gaur, 19:30ean Untzagatik abiatuta. Sarek eta Etxeratek diotenez, "euskal presoak eta bereziki gaixo daudenak sufritzen duten politika anker honen ondorio larri eta dramatikoenaren lekukoak gara, espetxean bizia galdu duten euskal presoen zerrendak gora egin baitu azken urteetan. Preso hauek gaixotasuna sendatzeko askatu beharrean, gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean eta heriotza ate joka denean askatzen dituztela argi erakutsi ziguten duela aste batzuk. Egun 17 dira larriki gaixo diren presoak. Sarek eta Etxeratek argi dugu salbuespen- politika hau desagertzen ez den bitartean ondorio lazgarri hauek bizitzen jarraitu beharko dugula. Horregatik, eragile sozial, sindikal eta politiko guztien inplikazioa eta laguntza behar dugu, denok izan behar gara salbuespenezko espetxe politika amaitzeko bidearen parte, behin betikoz presoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko, espetxea bera ere gure gizartearen zati bat baita. Denon artean, konponbidearen eta bakearen bidean, lortuko baitugu Euskal Presoen oinarrizko eskubideak betetzea, eta gaixo larriek bizi duten sufrikarioarekin amaitzea". Eibarko Sarek herritar guztiak gaurko ekitaldian parte hartzera deitu ditu.



 

Bestalde, Izan Bidea dinamikak martxan jarraitzen duela gogoratu nahi dute, “ eta, orain dela hilabete batzuk esan genuen bezala, maiatzaren 8an milaka pertsona Euskal Herriko 650 mendi ezagunenetara joango garela”. Eibarren, goizeko 10etan Urkizun elkartu eta Kalamuara igoko dira, 12:30ean talde argazkia egiteko. Ekimenari buruzko informazio guztia 650tontor.sare.eus web orrian dago eskuragarri eta bertan eman ahal izango da izena.