Larrondoa eta Hiru Erregeen Mahaia Deporreko mendizaleen hurrengo irteeran

Hilaren 21ean eta 22an egingo da bi eguneko irteera hori
Larrondoa eta Hiru Erregeen Mahaia Deporreko mendizaleen hurrengo irteeran
2024/09/05 12:34
eta kitto!

Irailaren 21 eta 22ko astebururako bi eguneko irteera antolatu dute Deporreko batzordekoek Izaba ingurura. Honakoak izango dira prestatu dituzten ibilaldiak: zapatuan, Izabatik Juan Pitoren bentara, tartean 1.703 metroko Larrondoa eginez; eta domekan, Belaguako aterpetik Linzako aterpera, bidean 2.446 metroko Hiru Erregeen Mailatik pasatuta. Egun bietan aukera egongo da ibilbide ofizialak egin gabe, ordezko ibilbideak egiteko, hau da Larrondoa eta Hiru Erregeen Mahaia igo gabe. Zapatuko ibilbideak 14 kilometro eta erdi izango ditu, eta domekakoak ia 20 kilometro.

Irailaren 21eko goizaldean irtengo dute eta Belaguako aterpean egingo dute lo. Prezioan bidaia autobusean, aterpetxeetako afaria, logela eta gosaria sartzen dira. Antolatzaileek diotenez, “norbere kontu izango dira egun bakoitzeko bazkariak, eta 21ean bidaian zehar gosaltzeko egingo den geldialdia”. Izara-zakua behar da aterpean lo egiteko, eta irteeran parte hartzeko ezinbestekoa da federatuta egotea. Prezioak honakoak dira: 145 euro bazkideen kasuan, eta 165 bazkide ez direnendako. Izena-ematerakoan 50 euroko fidantza jarri beharko da eta ordainketa egiteko kontua hauxe da: ES85 3035 0078 8407 8000 5897. Irteera hori ere, azken aldian egindako bidetik, Elgoibarko Morkaiko Mendizale Elkartearekin batera antolatu dute Eibarko Klub Deportibokoek.